CAF-ek Holandako NS operadorearekin kontratua handitzeko akordioa sinatu du

CAF eta NS enpresaren (Nederlandse Spoorwegen) artean sinatutako kontratu-luzapenak CIVITY plataformako bidaiarien 302 kotxeren (3 kotxeko 50 tren eta 4 kotxeko 38 tren) hornikuntza biltzen du. Haien guztizko bolumena 400 milioi euro ingurukoa izango da.

Gaur egun, CAF antzeko unitateak hornitzen ari da 2014an NSrekin sinatutako kontratua dela eta. 3 kotxeko 68 trenen eta 4 kotxeko 50 trenen hornikuntza biltzen du eta horren gutxi gorabeherako zenbatekoa 500 milioi eurokoa da. Kontratu horretako lehen trenak dagoeneko bidaiarien zerbitzu komertzialean daude Herbehereetan.

2020an, lehen eskariko 118 trenak dagoeneko Herbeheretan izango dira; ondorioz, zabalkuntza honi dagozkion trenak une horretatik aurrera zerbitzuan sartuko dira. Hala, 2023tik aurrera kontratuko 206 unitateak zerbitzu komertzialean izango direla aurrez ikusi dute.

NS da Holandako Estatuko operadorea. Estatuaren jabetzakoa da eta Europako trenen sektoreko enpresa liderretako bat da. Proiektuak, beste behin, CAFek garatutako CIVITY plataformak izandako arrakasta erakusten du. Zoru baxuko trenak dira, Europako merkatuko aldirietarako, Intercityrako eta eskualdeko zerbitzuetarako prestatutakoak. Erresuma Batuan eta Italian ere era horretako proiektu ugari garatu dute.

 

Trenen “Sprinter” izeneko zerbitzuetarako zirkulatuko dute Holanda osoan. 160 km/h-ko gehieneko abiadura izango dute unitateek eta bidaiariak nahiko distantzia laburretan modu bizkor eta erosoan garraiatzeko konfiguratuta daude. Gainera, lehen klaseko eremuak gidariaren kabina alboan ditu.

Sprinter berria tren gardena, irekia, erakargarria eta ekologikoa izango da. WiFia eta gurpildun aulkientzat egokitutako komuna, entxufeak, USB kargatzeko puntuak, larruzko tapizeria, bizikletak uzteko eremua eta irisgarritasun erraza izango ditu.

Kontratu osoaren bolumen orokorra, haren unitate kopurua eta zenbatekoa kontuan izanda, CAFek nazioartean lortutako handienetako bat eta bere historian lortutako garrantzitsuenetako bat izango da.

Enpresarentzat urtea amaitzeko oso modu ona da ekitaldiko kontratazioei dagokienez; izan ere, ekitaldi honetan, 2.500 milioi euro baino gehiagoko balioa duten kontratuak lortu ditu. Aurten lortutako proiektuen artean, honako hauek azpimarra ditzakegu: tranbia-proiektuak Oslo, Lund, Lieja eta Sidney hirietarako; metro-unitateak Amsterdam eta Bartzelona hirietarako; eta diesel-unitateen hornikuntza Translinkentzat (Ipar Irlanda) eta Erresuma Batuko Wales & Borders frankiziarentzat. Era berean, ezin ditugu ahaztu aurretik sinatutako kontratu batzuk handitu egin dituztela Napoles, Luxenburgo eta Friburgo hirietarako eta Arriva UK operadorearentzat. Gainera, hainbat kontratu eskuratu du zerbitzuen arloan eta beste negozio batzuetan.

 

Jatorrizko albistea: https://www.caf.net/eu/sala-prensa/nota-prensa-detalle.php?e=265

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.