Sporveien-ek, Norvegiako hiriburuko hiri-garraioko operadore publikoak, jakinarazi duenez, CAFek egindako eskaintza aukeratu dute 87 tranbiako hornikuntza-kontratua negoziatzeko. Kontratuaren bolumena 200 milioi euro baino gehiagokoa litzateke eta beste 60 tranbiarekin handitzeko aukera ere jasotzen du.
Osloko tranbia-sareak ibilbidean 99 geltoki dituzten sei linea eta 130.000 pertsona baino gehiagoko eguneroko bidaiari kopurua ditu. Horri esker, hiriko garraio-ardatz nagusietako bat bihurtu da. Ibilgailuen flota berri horren erosketa hiria tranbia-linea zabaltzeko eta modernizatzeko bideratzen ari den planen baitan kokatu behar dugu. Gaur egun zerbitzua egiten duten unitateak ordezkatuko dituzte horiek.
Orain arte CAFek lortutako tranbia-kontratu handienetako bat eta, tranbien merkatuan aurten irekita zeuden lehiaketa guztien artean, bolumen handienekoa da. Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da CAFek Escandinaviako herrialdean ibilgailuak hornitzeko lortutako bigarren proiektua dela; izan ere, uneotan, proba-fasean daude Flytoget enpresak operatuko dituen eta Gardemoen-eko aireportuaren eta Osloko erdigunearen arteko express zerbitzua eskainiko duten Oaris gamako abiadura handiko unitateak.
Eskainitako tranbia CAFen Urbos gamakoa da. Gama hori, azken urteotan, tranbia modernoen (zoru baxukoak) segmentuan mundu mailako lider bihurtu da duela gutxi esleitu dituzten kontratuei esker: Amsterdam, Flandria, Luxemburg, Birmingham, eta abar.
Unitateek 34 metroko luzera izango dute eta sartzeko sei ate bikoitz izango dituzte. CAFek dagoeneko Frantziako Nantes hirirako hornitu dituenen antzekoak izango dira. Diseinuak, gainera, Norvegian ohikoak diren baldintza klimatiko gogorrei aurre egiteko ezaugarri bereziak eta azken belaunaldiko sistemak izango ditu; besteak beste, hauek: “head-up display”, harrapatzeak prebenitzeko irismeneko radarra, wifia, USB kargagailuak eta bidaiariari zuzendutako informazio-sistemarako pantaila bikoitzak. Era berean, nabarmendu beharrekoa da Urbos gamako tranbiak unitatearen bizitza osoan ingurumeneko inpaktua gutxitzeko diseinatuta daudela: sorrera, fabrikazio eta energia-kontsumotik hasi, eta birziklagarritasunera arte.
Proiektu berri horrek sendotu egin du CAFen eskari-zorroa eta 2018ko lehen seihileko honetan esleitutako kontratuei batu behar diegu: metrorako unitateen hornikuntza Napoles, Bartzelona eta Amsterdam hirietarako, tranbiak Luxemburg, Friburgo eta Lund-erako, eta diesel-trenak Erresuma Batuko Wales and Borders frankiziarako (duela egun gutxi eman zuten horren berri). Horiek guztiak Europako merkatuan lortutakoak dira.