CAF-ek 67.000 euro ordaingu beharko dizkio amiantoagatik hildako langile baten familiari

Amiantoak eragindako gaitz bategatik hil zen langilearen emazteari eta semeei 67.103,88 euroko kalteordaina ordaindu beharko die CAF S.A. enpresak. Hala ebatzi du Donostiako lan-arloko 5. epaitegiak. Fermin HG, 87 urterekin hil zen 2015eko otsailean, Mesotelioma Pleural gaitzak jota. 1952 eta 1990. urteen artean lan egin zuen CAFen, amianto zuntzen eraginpean.

CAF enpresa 1986an sartu zen RERA (Amianto arriskua duten enpresen erregistroa), baina Asviamie elkarteak azaldu duenez “ez zituen zegozkion segurtasun eta garbitasun neurriak bete”. Lokalen garbiketa modu egokian ez egitea edota zegozkien ingurumen neurketak eta osasun azterketak ez egitea leporatzen diote enpresari. Enpresak ordea, ukatu egin zuen langileak amiantoaren eraginpean lan egin zuenik.

Epaiak frogatutzat ematen du CAFek ez zituela segurtasun eta garbitasun neurri horiek bete, eta langileak amiantoaren eraginpean lan egin zuela. Gainera, Segurtasun Sozialak, laneko gaixotasunak eragindako erabateko ezgaitasuna aitortu zion 2014an. Hori guztia dela eta, hildako langilearen senideei 67.103,88 euroko kalteordaina ematera zigortu du epaitegiak.

Jatorrizko albistea: http://goierri.hitza.eus/2018/06/11/caf-ek-67-000-euro-ordaindu-beharko-dizkio-amiantoagatik-hildako-langile-baten-familiari/

ASVIAMIEren balorazioa

ASVIAMIE, Amiantoaren biktimen elkartea, pozik agertu da sententzia honek CAF SAren trikimailuak ezerezean utzi dituelako eta enpresa, Segurtasun eta Higiene arauak ez betez langileentzako laneko gaixotasun arriskuak areagotzeagatik kalteordainak ordaintzera zigortzen duelako. Arrazoi horiegatik, eragindako kalteagatik eta prebentzio neurriak ez hartzearen utzikeriagatik  dagokion ordaina ordaintzea justua dela diote.

CAFek orainarte jaso dituen gaixotasun eta heriotzagatiko aurkako sententzia kopurua ikusita, ASVIAMIEtik uste dute CAFeko Zuzendaritzak eta Mediku Zerbitzuak Segurtasun eta Higiene neurriak ez betetzeagatik eta honek langileen osasunean eragin dituen kalte larriengatik gizarteari orokorrean eta biktimei eta euren familiei barkamena eskatzeko orduak iritsi dela.

Salaketa bakoitzaren aurrean “amiantoaren arriskuen inguruko ezezagutza” argudiatua, enpresak duen ardura ekidin nahi izateak argi uzten du langileen segurtasuna eta osasuna zaintzeko duen  betebeharrari erakusten dion mespretxua eta agerian uzten du gaiaren inguruan egin duen kudeaketa eskasa.

Epaiketa berriak

Bestalde, ostegun honetan bertan, ekainak 14, amiantoaz gaixotutako bi lankide ohiren bi epaiketa berri burutuko dira Donostiako Lurralde Epaitegian. LAB-CAFeko kideok ASVIAMIE elkarteak deituta epaitegi aurrean 10:15tik 10:45tara burutuko den elkarretaratzean parte hartuko dugu egoera salatu eta amiantoaren biktimei gure sostengua azaltzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.