Gaur Lan Osasunaren nazioarteko egunaren harira, manifestazio bana burutu ditugu bai Beasain zein Irungo CAFen. Horrez gain Madrid eta Zaragozako CAFeko zentroetan ere protestak burutu dira.
Besainen manifestazioaren ondoren amiantoaren eskulturaren ondoan elkartu gara gure lankideak izan ziren Miguel Maria Arrese, Santos Cotelo Puente, Tomas Nazabal Mimendia eta Tomas Alcalde Garciari omenaldia egin asmoz.
Urtea asi zenetik, 4 lankide hil zaizkigu amiantoarekin lan egin izanaren ondorioz, eta beste horrenbesteri gaixotasuna detektatu diete.
Jada 35 lankide dira amiantoaren ondorioz CAFen hildako langileak. Hego Euskal Herrian bakarrik, substantzia kantzerigeno horrekin kontaktuan 25 mila langile inguru egon zirela uste da. Amiantoaren erabilera ez zuten debekatu Espainiako estatuan 2002. urtera arte. Aurten, oraingoz, Hego Euskal Herriko hamalau langile hil dira
substantzia horren ondorioz; 2017an, 22 izan ziren hildakoak. Urtebete lehenago, beste 29 heriotza gertatu ziren. 1993tik 2018ra arte, arrazoi hori dela eta 1505 pertsona hil dira. Kopuruak ez du etenik eta “aurtengo urtea
indartsu hasi da”; gainera, argi esan behar dugu: zerrendetan ez daude guztiak. Icebergaren punta baino ez dira, eta ondo dakite hori.
Administrazio publikoek, enpresaburuek eta mutualitateek benetako inpaktua ezkutatu egiten dute; izan ere, bestela, izugarrikeriaren eta dramaren aurrean biluzik geratuko lirateke. Eta larriena da, horren berri izanda, ezkutatzea onartu egiten dutela. LANEk (Lanaren Nazioarteko Erakundea) dei egin du aurten, kaltea modu errealean kontabilizatzeko eskuragarri dauden mekanismoak erabiltzeko.
Baina zenbat denbora behar da minez, izugarrikeriaz eta dramaz betetako tsunami hau gure kontzientzietara iritsi eta pertsonok negozioen eta irabazien aurretik benetan jarriko gaituen moduan aritzeko? Pertsonen osasuna eta segurtasuna interes ekonomikoen aurretik jartzea lortzeko neurri egokiak abian jarri gabe jarraitzen dugu 2018an; lotsagarrikeria da hori. Tristea da, baina halaxe da. Defendatu behar gaituztenek, gobernatzen gaituztenek, ez gaituzte denok defendatzen; drama horren aurrean, beste alde batera begiratzen dute gutxi batzuen poltsikoen interesak defendatuz.2017ko urrian, Kongresuak lege‐proposamena onartu zuen behingoz eta hark, besteak beste, amiantoaren biktimentzako konpentsazio‐funtsa sortzea jasotzen zuen. Beste hainbat gaitan bezalaxe, ekimen politikoak berandu iritsi dira. Frantziak, Belgikak eta Holandak duela urte batzuk onartu zituzten eragina jasandakoak konpentsatzeko neurriak.
Legea izapidetzen duten bitartean, biktimak bide luzea eta bihurgunetsua egiten ari dira haien gaixotasunen jatorria aitor diezaieten. Mutualitateak, Gizarte Segurantza eta Laneko Ikuskapena batzuetan oztopo gaindiezin bihurtzen dira indarrean zeuden laneko segurtasun eta higiene arloko arauak enpresek ez zituztela bete eta horrek gaixotasuna eta heriotza eragin zituela frogatzeko garaian. Gainera, azken egunotan irakurri dugun moduan, enpresak ere oztopo bihurtzen dira eta epaiketa amaigabeetara kondenatzen gaituzte.
Horregatik, beste aurrerapauso bat eman eta CAFi eskari zuzena egin nahi diogu; eragina jasan dutenek eta haien senideek epaiketa eta izapidetze‐lan amaigabeak egin behar izaten dituzte eta nahikoa da. Kasu batzuetan, gainera, haietako batzuk bidean hiltzen dira; nahikoa da. Eskatzen dugu, zerrenda makabro horretan dagoen edozein lankideri amiantoarekin lotutako gaixotasunen bat detektatzen dioten unetik, hori gaixotasun profesionaltzat hartzeko, amiantoarekin lan egin izanagatik eragindako kaltea onartzeko eta kalte‐ordaina emateko, izapidetze judizialak abiarazteko inolako beharrik gabe.
Konpentsazio‐kutxa aspalditik egiten ari beharko litzatekeena jasotzen du honek, baina, gure ustez, eskari sozial hori egia bihurtu arte, CAFek konpromiso hori bere gain hartu beharko luke.
Beasaingo argazki galeria ikusi: klikatu hemen
Irungo argazki galeria ikusi: klikatu hemen
Irungo manifestazioaren irudiak: Antxeta Irratiaren bideoa
edf