Bartzelonako Metropoliko Garraioen (TMB) Administrazio Kontseiluaren kontratazioko batzorde delegatuak CAF hautatu du hiriko metro-sarerako 10 tren hornitzeko. Unitate horiek 1, 3 eta 5 lineetara bideratuko dituzte linea horietako material mugigarria areagotzeko eta gero eta handiagoa den linea horietako erabiltzaileen kopuruari aurre egiteko asmoz. Eragiketa horren bolumena 75 milioi euro baino gehiagokoa izango da CAFentzat.
CAFek fabrikatutako hamar unitate berri horiek 2019ko bigarren seihilekotik aurrera entregatuko dituztela aurrez ikusi dute. Zehatz esanda, eskariak 6000 serieko lau tren jasotzen ditu 1. linearako, 5000 serieko bi tren 3. linearako, eta modelo bereko beste lau 5. linearako. Unitate horiek aurretik CAFek Kataluniako hiriburuko metropoliko sarerako hornitu zituen 100 unitate baino gehiagoei batuko zaizkie.
Transports Metropolitans de Barcelona (TMB) erakundeak iragarri duen moduan, trenak erosi izanaren helburua 2020. urtera begira enpresak planifikatu duen metroko eskaintza hobetzea da. Horiei esker, lanegunetako puntako orduetan, edukiera % 20 handituko da.
Hala, Bartzelona eremuan gertatu den garraio publikoaren erabilera-eskariaren igoerari (metroaren eta sistema osoaren errekorrak hautsi zituzten 2017an) aurre egin ahal izango diote. Horrekin lotuta, gainera, mugigarritasuneko eta ingurumeneko politika publikoei esker, epe ertainera begira joera hori mantendu egingo dela aurrez ikusi dute. Hain zuzen ere, 2020. urterako helburu gisa aldi berean zirkulazioan 144 tren izatea ezarri dute; hau da, gaur egun baino 17 gehiago, eta 2017ko urtarrilean baino 24 (% 20) gehiago.
Azkenik, aipatu beharrekoa da proiektu berri horrek mundu osoko hiri nagusietako batzuek CAFeko unitateek zirkulatzen duten garraio-sareetan jarri duten konfiantza berretsi duela. Hiri horien artean, honako hauek aipa ditzakegu: Washington, Mexiko DF, Erroma, Brusela, Hong Kong, Aljer, Sao Paulo, Txileko Santiago, Medellín, Istanbul, Bukarest edo Helsinki. Era berean, proiektuak CAFeko egungo eskari-zorroa , 2017. urtearen amaieran 6.265 milioi eurokoa zena, indartu egin du eta enpresaren historian errekor berria ezarri da.