CAFeko Enpresa Batzordeak aho batez (LAB, ELA, CCOO eta ESK) bat egiten du SAREk urtarrilaren 13an Bilbon deitutako manifestazioarekin eta hari begira egindako irakurketarekin eta ondorioz langile guztiei dei egiten die bertan parte hartzera.
Elkarrekin aurrera egiteko
PREST GAUDE
GIZA ESKUBIDEAK l KONPONBIDEA l BAKEA
Aurreko abenduaren 9an, Parisen, euskal presoek bizi dituzten eskubide urraketetan aldaketak emateko indar eta borondate handia erakutsi genuen. Orain Presoak lelopean iparraldetik iritsi
zaigu konponbidean zein bakean aurrera egiteko gizarte zibilak duen garrantziaren eredua. Bake Artisauen izenpean, pasa den apirilean armagabetzea gauzatzea lortu zuten; are gehiago estatu frantziar zein espainiarraren borondate ezaren aurrean, gizarte zibila izan da Frantziako arduradun politiko eta judizialekin biltzea lortu duena. Gainera, elkarrizketaren bitartez, espetxe politikari konponbide bat emateko emaitza positibo eta garrantzitsuak lortu dira, Parisen lortutakoa, esaterako.
SAREtik, txalogarria iruditzen zaigu lanketa hori guztia, eta eredu hori jarraituz, oraingo sufrimendu eta eskubide urraketekin amaitzeko beharrezkoa da gizarte zibila aktibo izatea, motore, eta lorgarria dela uste dugu, gainera. Norberaren indar eta borondatearekin lortuko dugu. Jendarte honek elkarrekin Aurrera egin nahi duelako, horrenbeste sufrimendu eragiten duten ezohiko neurriekin amaitzeko prest dagoelako, eta azken batean, konponbidearen eta bakearen bidean pausuak emateko prest dagoen gizartea garelako.
Egia da, estatu espainiarrak ez duela konponbide prozesua martxan jartzeko inongo borondaterik erakutsi, baina hemen, Euskal Herrian, gehiengo zabala lortu dugu instituzioetan, eta baita eremu sindikalean ere. Horren adibide da, eskubide urraketa horiekin amaitzeko eskaera egin duen gehiengoa; Gasteiz eta Iruñeako parlamentuak, edota EAEko hiru lurraldetako batzarrak, larriki gaixo diren presoen askatasuna eskatzen zuten iniziatibak onartu dituzte.
Halere, oraindik bide luzea geratzen zaigu eta bide hori elkarrekin egin nahi dugu. Ez dugu atzera pausurik eman nahi presoen urrunketarekin amaitzeko bidean, ez larriki gaixo dauden presoen askatasunean, ezta euskal presoen eskubideak urratzen dituen salbuespen legearen deuseztapenean ere. Bide honetan, datorren urtarrilaren 13an zuekin guztiokin, Bilboko kaleak bete nahi ditugu.
Irakurri oharra: https://www.labcaf.eus/wp-content/uploads/EBO-2018-01-11-U-13-Bilboko-manifestazio.pdf