CAF aukeratu du Seattleko Garraio Departamentuak (SDOT) 3 moduluko 10 tranbia hornitzeko; hornituko direnak URBOS tranbien plataformakoak izango dira eta % 100 solairu baxukoak. Akordioak, gainera, ordezko piezen, tresna berezien eta probetako ekipoen hornidura ere biltzen du. Era berean, SDOTek beste hamar ibilgailu arte erosteko eta Kontratuak irauten duen bitartean haiei dagozkien ordezkoak erosteko eskubidea erreserbatu du. Eragiketaren zenbatekoak 50 milioi dolarrak gainditzen ditu.
Seattle Hiria, metropoli-eremuan 3,2 milioi biztanle baino gehiago izanik, tranbien sistema modernoa garatzen ari da; hala, hiriari mugikortasunerako aukera berriak eskainiko dizkio, hazkunde ekonomikoari lagunduko dio eta Seattleko auzo populatuenekin konexioak indartuko ditu. Sare berri hori gaur egun dauden South Lake Union eta First Hill Streetcar lineei gehituko zaie, eta horrela, hirigunetik iparralderako eta hegoalderako konexio berriak sortuko ditu.
Tranbia berri horiek ontzian energia biltegiratzeko sistema izango dute (Onboard Energy Storage System), CAF Power & Automation-ek hornitua, eta horri esker, katenariarik ez duten sareko zatietan ibili ahal izango dira ibilgailuak.
CAFek lantegi bat du Estatu Batuetan, Elmira herrian (New York), eta azken urteetan proiektu kopuru handia garatu du herrialdean. Horien artean nabarmen ditzakegu hornidura hauek: hiribururako, Washingtonerako, metro-unitateak, Sacramento (Kalifornia) eta Pittsburgh ((Pennsylvania) hirietarako tren arinak, eta orain gutxi egindako unitateen kontratuak, Houstoneko Metrorako eta Cincinnati eta Kansas City hirietarako tranbiak. Gaur egun CAF Ipar Amerikako Amtrak operadorearentzat bidaiarien kotxeak eta Boston eta Maryland hirietarako tranbiak fabrikatzen eta hornitzen murgilduta dago.
KANSAS CITY-RAKO TRANBIEN KONTRATUA ZABALTZEA
Alde batetik, Kansas Cityko Garraio Agintaritzak CAFi beste bi tranbia erosteko onarpena jaso du, eta horiek lehen hornitutako eta iaztik zerbitzuan dauden laurei gehituko zaizkie. River Market eta Union Station lotzen dituen tranbien sarean erabiltzaile kopurua gero eta gehiago handitzeak eragin du erabaki hori, eta ondorioz, hiriak zerbitzu horretarako zituen ibilgailuen parkea handitu behar izan du.
Zabaltze horren zenbatekoa 10 milioi dolarrekoa da, eta aurrez Seattlerako aipatutako kontratuarekin batera, CAFek Estatu Batuetako merkatuan duen presentzia garrantzitsua berresten du. Aipagarria da CAFek Estatu Batuetan garatutako proiektuen bolumena 1.800 milioi dolarrekoa baino gehiagokoa dela.
Irakurri jatorrizko albistea: http://www.caf.net/eu/sala-prensa/nota-prensa-detalle.php?e=225