CAF-EK ERRESUMA BATUAN DUEN LANTEGI BERRIA NEWPORTEN ERAIKIKO DA (GALES).

CAFek pasa den ekitaldiaren erdi aldean jakinarazi zuen Erresuma Batuan ezartzeko asmoa zuela. Orain gutxi esleipen garrantzitsuak lortu zituen bertan; horien artean nabarmen ditzakegu Arriva Rail North Limited operadorearekin sinatutako kontratua 43 tren elektriko eta 55 diesel treneko bi flota egiteko; baita First Group operadorearentzako proiektua ere, bidaiarien 66 kotxe eta 5 kotxeko 12 unitate elektriko hornitzeko eta mantentzeko. Bi proiektuek, guztira, 900 milioi liberako zenbatekoa biltzen dute (1.000 milioi euro). Era berean, Konpainia Caledonian Sleeper frankiziarentzako eskariaren 75 kotxeak fabrikatzen ari da. Eskozia eta Londres arteko zerbitzuak egingo dituzte, eta 2018 urtean entregatzea dago aurrez ikusita.

 

Ordutik, CAFek herrialdean ezartzeko aukeren inguruko lan zorrotza egin du, enpresaren beharretara egoki litezkeen kokapenak bilatzen. Lan hori Taldeko filiala, CAF Turnkey Engeenering, buru dela egin dute, eta herrialdean espezializatutako eta sektorean izen ona duten enpresek aholkularitza-lanak egin dituzte.

 

Kokapen optimoa bilatzeko lan horietan, besteak beste, honako hauek izan dira faktore garrantzitsuenak: trenbide-sarera konexioa izatea edo konexioa izateko aurreikuspena izatea, lurraldearen barruan kokapen optimoa izatea eta eremuan kualifikatutako laneskua izateko aukera.

 

Azterketa horretan, CAFek Erresuma Batu osoan 100 kokapen posible baino gehiago aztertu ditu, eta azkenean Galeseko Newport hirian Celtic Business Park aukeratu du lantegiaren kokapenerako. Galeseko hirugarren hiri handiena da, gertu dauden Cardiff eta Swansea hirien atzetik, eta 140.000 biztanle ditu.

 

CAFek egingo duen inbertsioaren zenbatekoa 32 milioi libera (38 milioi euro) baino gehiagokoa izango dela kalkulatzen da. Eragiketak Galeseko Gobernuaren Atzerriko Inbertsioen Programako diru-laguntzak jasoko ditu.

 

CAFek eraikiko duen lantegia 46.000 m2-ko lursailean egongo da. Plantilla 300 langile artekoa izango dela kalkulatzen da eta trenbide-ibilgailu mota oro egiteko diseinatuta dago, eta bertan egingo dira bai ibilgailuen muntaketako eta akaberetako jarduerak, bai zerbitzuan jarri aurretik egin beharreko proba guztiak. Era berean, tokiko hornitzaileengan eragin handia izango duela aurreikusten da, zeharkako lanpostu gehigarriak sortuko baitira.

 

Lantegiari esker, Erresuma Batuan lor litezkeen kontratu berriak hartu ahal izango lirateke. Hain zuzen ere, CAFek espero du datozen urteetan Erresuma Batuan trenbide-sektorearen garapenean laguntzen jarraituko duela. Lantegia 2018 erdialderako operatibo egotea kalkulatzen da.

Azkenik, nabarmendu beharrekoa da instalazioak etorkizunean zabaltzeko aukera aurrez ikusi dela, lehen aipatutako moduan, instalazioetan fabrikaziorako gaitasun handiagoa eskatuko luketen Erresuma Batuan fabrikatzeko kontratuen bolumena lortzearen arabera.

 

CAF Erresuma Batuan

CAFek, azken urteotan, presentzia handia izan du Erresuma Batuan, ibilgailu eta zerbitzuen aukera zabalarekin. 90eko hamarkadan, enpresak Northern Spirit linearako unitateak hornitu zituen eskualde horretan, baita Heathrow Express konexiorako unitateak ere. Azken horrek, Londreseko Paddington geltokia aireportuarekin lotzen du.

Gerora, 2002an eta gero 2008an, NIRerako (Ipar Irlandako Trenbideak) proiektuak garatu ditu; horietan, trenak fabrikatzeaz gain, enpresak mantentze-lanen zerbitzuak egiten ditu 15 urteko aldirako. Tranbien segmentuari dagokionez, CAFek Edinburgoko eta Birminghameko hirietarako unitateak hornitu ditu.

Erresuma Batua, gaur egun, trenbide arloko merkatu aktiboenetako eta lehiakorrenetako bat da kontinentean, eta datozen hilabete eta urteetan trenbide-frankiziak berritzeko prozesuak izango direla aurreikusten da. Horietan parte hartuko duela espero du CAFek. Horrez gain, CAF orain Londreseko Metroko lehiaketarako aurrekalifikatuta dago, eta berretsita du abiadura handiko HS2 linearako hurrengo lizitaziorako duen interesa ere. Abiadura handiko linea horrek Londres eta Birmingham hiriak lotuko ditu lehen fasean eta datozen urteetan Europan aurrez ikusitako azpiegitura-proiektu handienetako bat da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.