Ia bi urteko atzerapenarekin, berdintasun-plan berri bat onartzekotan gaude. Autokritika eginez, aitortu behar dugu hainbat arrazoik atzerarazi dutela aipatu plana onartzea: Berdintasun Batzordeko kideen artean izandako aldaketek (bai ordezkarion aldetik, bai enpresaren aldetik), enpresak zirriborro bat prestatzen izan duen atzerapenak, alde sozialetik eman zaion jarraipen eskasa, eta abar.
Atzerapenaz haratago, eta planaren iraunaldia 2015etik 2017ra bitartekoa bada ere, LABk oso balorazio positiboa egiten du. 2016ko ekainerako LABeko kideok hasierako zirriborroari egin genizkion ekarpenak aurreratu genituen, eta ekarpen horiek guztiak onartuak eta aipatu planean jasoak izan direla esan dezakegu.
Planak berdintasunaren arloko prestakuntza jasotzen du, bai Berdintasun Batzordea osatzen duten kideentzat, Giza Baliabideetako departamentukoentzat, arduradunentzat eta bereziki langile guztientzat. Gehiago sakondu beharreko arloa dugu hori.
Zentzu horretan, 2017-2018 aldirako prestakuntza-planean hainbat ikastaro jaso dira aipatu hiru kolektibo horientzat. Halaber, langileei dagokienez, prestakuntza hori jasotzeko modua aztertzea adostu da.
Bereziki azpimarratzen da laneko arropa emakumearen fisionomiara egokitu beharra, eta halaxe azpimarratu dugu enpresa lantzen ari den laneko arropari dagokionez egindako ekarpenetan.
Lantokietan diskriminazioaren eta jazarpen homofoboaren aurkako protokoloa lantzeko proposamena jaso da. Protokolo horrek dagoeneko sexu-jazarpenerako edo sexu arrazoiengatiko jazarpenerako dagoen protokoloa osatuko luke.
Berez emakumeen presentzia ekoizpeneko lanpostuetan urri da; horregatik, LAB azkenaldi honetan kezkaturik dago ikusirik lanpostu horietan ematen ari den desfeminizazioa.
Azkenaldi honetan, hainbat emakume pasa dira zeharkako lanpostuetara edo enplegatuen kolektibora; batzuetan, halaxe eskatu zutelako, eta besteetan, enpresak berak proposatu dielako. Hortaz, eta kontuan hartuta langileak aukeratzeko prozesu batean murgilduta gaudela, Zuzendaritza bultzatu nahi dugu ahal denik eta emakume gehien kontrata ditzan hutsik gertu diren lanpostu horiek betetzeko, eta paritatearen bide hori egiten jarrai dezan, baita ekoizpeneko lanpostuetan ere.
Neurri horretan laguntzeko, eskualdeko ikastetxeekin elkarlana burutzea proposatu genuen, eta halaxe jaso genuen planean, emakumeak ekoizpenarekin lotura duten ikasketak egin ditzaten sustatzeko.