Erregai publikoa autobus isilean

Vectia autobus elektrikoen eta hibridoen konpainian sei milioi euro inbertitu ditu Sodenak, CAF bazkide nagusi duela. Enpresak Castejonera aldatu du egoitza. 150 lanpostu sortzea espero dute.

Egun, Iruñerriko Mankomunitateak hiri garraiorako sei autobus hibrido ditu. Bidaiarien ikuspuntutik, berritasun ageriko bat dute: geldialdietan motorra isildu egiten da, eta, orduan soil-soilik modu elektrikoan funtzionatzen duenez, gidariak erabat itzali duela dirudi; ateak itxi ostean, ordea, erregai bidezko motorraren modura itzuli eta normal jarraitzen du aurrera. Ibilgailuok etorkizunean %100 elektriko bihur daitezke, eta, horregatik, mankomunitateak beste hiru autobus erosi berri dizkio Vectia enpresari. Aritz Aiesa Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariaren iritziz, lehen urtean %26 murriztu dute gasolio kontsumoa.

Autobus horiek badute beste berezitasun bat: Nafarroan egindakoak dira, CAFek Castejonen duen Trenasa lantegian, hain zuzen ere. Beasaingo konpainiak 2013an egin zuen autobus elektrikoen eta hibridoen aldeko apustua, Castrosua Galiziako karrozeria egilearekin batera, eta orain beste bazkide garrantzitsu bat lortu du: Nafarroako Gobernu bera, Sodena sozietate publikoaren eskutik. Abenduaren 19an hitzartutako akordioaren arabera, Sodenak sei milioi euro inbertituko ditu, eta Vectiaren %30 bereganatuko du. Enpresak egoitza Castejonen ezarriko du egoitza, eta, zuzenean zein zeharka, 150 lanpostu sortzeko asmoa du. Sodenak sei urtez bederen enpresako akziodun izateko konpromisoa hartu du, era berean.

Manu Aierdi Nafarroako Garapen Ekonomikorako lehendakariordearen arabera, inbertsio horren bidez, «autogintza zein berriztagarrien arloko industriaren aldeko apustu argia» egin du Nafarroako Gobernuak. Apustuak bere arriskuak izan arren, Nafarroako Parlamentuko talde guztiek txalotu dute ekinaldia.

Duela lau urteko proiektua

Vectiaren ikuspuntutik, berriz, Sodenaren partaidetzak «bultzada oso garrantzitsua» eman die handitzeko eta sendotzeko bidean. «Nafarroan industria arloko ezarpena erraztuko du. Gainera, finantza sendotasuna emango digu proiektuak aurrerantz jarrai dezan, eta etorkizuneko erronkei hobeto aurre egiten lagunduko digu». nabarmendu diote BERRIAri enpresako iturriek. Mugikortasun iraunkorraren arloan erreferentzia bihurtu nahi du Vectiak: Espainiako merkatuan lidergoa hartzeko helburua du, epe erdira mundu zabalean ere «eragile garrantzitsu» izateko bokazioarekin.

Vectia sortu zutenean lanak banatu zituzten CAFek eta Castrosuak: galiziarrak Santiagoko fabrikan egingo zituen karrozeriak, eta gipuzkoarrak, berriz, trakzioari lotutako zatia, trengintzan lortutako esperientzia zabala baliatuta. Bi bazkideek 2013tik gaurdaino hamalau milioi euro inbertitu dituzte, baina asmoa da Sodenarekin batera 2020ra bitarte 23 euro milioira iristea.

Orain arte egindako lan horrek jada eman ditu bere fruituak eta bi autobus eredu garatu ditu: Veris, handiagoa; eta Teris, ibilbide malkartsu edo zailetan erabiltzeko aproposagoa. Iruñeaz gain, Espainian (Madril, Valladolid, Sevilla edo Burgosen) eta Katalunian (Sabadell eta Lleida) hogei autobus saldu dituzte. Valladoliden kasuan, gainera, datorren urtean autobusak guztiz elektrikoak izango dira eta haientzat bateria azkar kargatzeko postuak ezarriko ditu enpresak hirian zehar.

Bi milioi, hasteko

Sodenak hasieran bi milioi euro inbertitu ditu. Nahiz eta Vectiak egun lau ekoizpen fabrika izan (Adunan, Santiago de Compostelan, Madrilen eta Castejonen) azken lantoki horretan ezarri du egoitza. Langabeziak gehien zigortutako eskualdeari emango dio arnasa, baita Trenasako langile ohiei ere. Iaz CAFek fabrikan 23 langile kaleratzeko lan erregulazioko espedientea aurkeztu zuen. Printzipioz, lehen aurreikuspenen arabera, 150 lanpostu sortuko dira, baina Sodenak espero du bost urtetan 190 lanpostu izatea.

Trenasaren fabrikan egingo dira ibilgailuen xasisak; karrozeriak, berriz, Santiagon. 2017an bederen ez da aldaketarik espero. Informazio batzuen arabera, Castrosuak partaidetza saltzeko asmoa du; hori gertatuko balitz, ez da baztertzen Sunsundeguik tokia hartzea. Alta, Vectiako iturriek ukatu dute halakorik: «Aukera hori ez da kontuan hartu. Castrosua hiri garraiorako karrozeriak egiteko orduan erreferente da, eta markaren lehentasunezko karrozeria ekoizlea da».

Vectiaren arabera, ibilgailu hibridoen eta elektrikoen salmentek goranzko joera argia dute, eta teknologikoki heldua dago sektorea. Iibilgailuok CO2 gutxiago isurtzen dute eta, ondorioz, erabilera kostu txikiagoa dute. Ohiko hiri autobusekin alderatuta, ordea, gaur-gaurkoz garestiagoak dira: «Dena den, eragin hori gutxitzeko finantza zerbitzuak eskaintzen ditugu».

Vectiaren arabera, prezioaz harago, bezeroek kontuan hartu ohi dute epe luzera jabegoaren kostua txikitzen joaten dela: «Bezeroa jabe egiten den unetik ibilgailuaren bizitza amaitu arteko kostu osoa kontuan hartuta ohiko eredu batena baino apalagoa da».

Autobusak hibridoak dira, baina etorkizuneko erronka dute ibilgailuek gero eta gehiago modu elektrikoan ibiltzea. Horretarako, bateria indartsuagoak eta kargatzeko errazagoak behar dituzte. Valladoliden karga azkarreko postuak ezarriko dituzte. Hartara, leku bakoitzaren berezitasunen eta erabakien arabera, autonomia handiagoa edo txikiago izan dezake ibilgailuak: «Vectiak hiri bakoitzaren ezaugarrietara egokituko diren konponbideak eskainiko ditu. Ahalmen handiagoko bateriekin modu elektrikoan kilometro gehiagoz funtzionatuko ahalko du, edo %100 elektrikoan ibil daiteke baldin eta ibilbideetan karga puntuak jartzen badira».

Irizar ere, buru belarri

Vectia ez da sektorean aritzen den euskal enpresa bakarra. Irizarrek ere oso apustu handia egin du autobus elektriko eta hibridoen alde. Horiek egiteko lantegi berri bat eraikitzen ari da Adunan (Gipuzkoa), eta urte honen hasieran da zabaltzekoa.

Dagoeneko zirkulatzen dute Irizarren autobus elektrikoak Donostian, eta abenduaz geroztik baita Bilbon ere. 2019. urtetik aurrera Lapurdin ere ikusiko dira, Baiona-Angelu-Miarritzeko hiriguneak lotuko dituen autobus bizkorreko linea Ormaiztegiko kooperatibako autobus elektrikoek hornituko baitute. Abenduan irabazi zuen kontratua.

ITURRIA:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.