GAITASUNAK SENDOTZEKO PLANA ETA LANGILETIK ENPLEGATURA PASATZEKO ELA, CCOO ETA ESK-K SINATUTAKO HITZARMEN ATZERAKOIA

Pasa den abenduaren 7an (asteazkena), Enpresa-Zuzendaritzak Enpresa-Batzordearen proposamena onartu zuen; hau da, LABk proposatuta, gaitasunak sendotzeko planaren barruan dauden langileek aipatu prestakuntzan orduen % 50 (hasieran halaxe zegoen ezarrita) beren gain hartu behar ez izatea. Zuzendaritzak onartu egin du ordu horien % 100 bere gain hartzea.

LABk oso positiboki baloratzen du zuzendaritzaren erabakia. 2016ko azaroaren 22an argitara eman genuen komunikatuan azaldu genuen moduan, gure iritziz guztiz bidezkoa da Zuzendaritzak bere gain hartzea ordu horiek guztiak, eta helburu horrekin, hainbat ekimen sustatu ditugu Enpresa-Batzordean, eta eskakizun horrekiko gure konpromiso publikoa erakutsi dugu.

Prestakuntzan bete-betean dauden langileek baldintza xamurragotan burutu ahal izango dituzte beren ikasketak; horrez gain, aurrera begira aurrekaria argi eta garbi geratuko da ezarrita. Halako ikasketa-planak enpresak sustatu eta bultzatu behar ditu, eta ondorioz, aurrera begira ere plan horietara biltzen diren pertsonek baldintza beretan burutu beharko lituzkete, orduen kontu hori oztopo izan gabe. Funtsezkoa iruditzen zaigu, enpresaren estrategia gisa, CAFeko langileen prestakuntza eta birziklapen iraunkorraren aldeko apustua egitea. Guztion erantzukizuna da langileen prestakuntza; alabaina, LABk argi du zein diren bakoitzaren erantzukizunak.

Berriki, enpresak adierazi du hainbat premia betetzeko asmoa duela langile-kolektibo hori baliatuta (delineazio-postuak eta antolakuntzako teknikariak). LABk langile horiek animatu nahi ditu proposamen horrekin bat egin dezaten, aurrera begira ez baitu beste edozein lanpostu lortzeko aukera zapuzten. Kontuan hartu behar dugu, lan-kargak berreskuratuta, etorkizun hurbilean bulegoetan azpikontratazio-bolumen handia izan dezakegula. Azpikontratazioa ez da tailerreko eta bakarrik tailerreko arazo bat; hortaz, positiboa iruditzen zaigu CAFeko langileak hartzea premia horiek betetzeko.

Horren harira, gaurkotasun bete-betea hartzen du 2012ko azaroaren 27an enpresa-batzordeko gehiengoak (LAB aurka zela, gainerakoen babesarekin) eta Enpresa-Zuzendaritzak langileen kolektiboa enplegatuen kolektibora pasatzea arautzen zuten baldintzak zirela-eta izenpetutako akordioak. Akordio horrek soluzioa ematen zien soilik (eta, gainera, neurri batean bakarrik) langileen kolektibokoak izanik enplegatuen kolektiboari zegozkion lanak burutzen hainbat urte zeramatzatenei; izan ere, denbora hori promozio-efektuetarako soilik onartuko zitzaien, baina une horretara arte enplegatuen karguan lanik egin gabe kolektibo horretara pasatzea proposatuko zioten edozein pertsonak mailarik baxuenetik hasi beharko luke, langile gisa lukeen lanbide-kategoria edozein dela ere. Halaxe adierazi genuen bere garaian. Akordio atzerakoia izan zen, aurrerago arazoak ekarriko zituena, baina batzuek bakar batzuen interesak lehenetsi zituzten ondorengo urteetan gerta litezkeen kasuen aurrean (eta gertatzen ari dira). Are okerrago, kategoriak parekatzea eskatzeko egon litekeen edozein bide judizial martxan jartzeko ate guztiak ixten ditu, akordio hori beste guztiaren gainetik baitago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.