CAF, MADE IN BASQUE COUNTRY

Espainiako gobernuak AVE berrien milioi askotako kontratua esleitu dio TALGOri. Ezer berririk ez. Gauza jakina zen. Espainiako Gobernuak bere historiako kontraturik handiena esleitu dio, oso-osorik, Espainiako TALGO enpresari, zati batean Oriol familiarena den horri.

Eskaera horren eta erabakiaren inguruan makina bat argudio eta iruzkin entzun eta irakurri ahal izan ditugu; horiek informazio eta hausnarketa hauek egitera bultzatu gaituzte.

Talgok eskaintza teknikoa irabazi zuen, Alstom eta Siemensen multinazionalen gainetik eta alde handiarekin. Gainera, eskaintzarik merkeena egin du, lehian ari ziren gainerako hiru enpresen eskaintzetatik urrun. Alstomek dagoeneko zalantzak erakutsi ditu, ez ote den izan espainiar erara egindako diru-jan edo iruzurra.

TALGOk zuzeneko lotura du frankismoarekin eta horren oinordeekin. TALGOren fundatzaileetako bat Carrero Blancoren ministroa izan zen. Madrilgo Komunitateko presidente ohi Esperanza Aguirre bera ere Orioldarrekin ahaidetuta dago. TALGOn eragin handien izan duten eta gaur egun duten zuzendarien artean ditugu PPko ministroen familiakoak; besteak beste Ana eta Loyola de Palacio, Adolfo Suarez semearen bazkideak, errege zaharraren ehiza-lagunak, Marsans auzian auzipetuak, … “Klientelismoa eta adiskidekeria” eskala handian.

Horrez gain, 2016ko maiatzean burtsara ateraz geroztik, azpimarratu beharra dago putre-funtsek konpainiaren % 51,9 kontrolatzen dutela. Funts horien artean dago garai bateko Lehman Brothers. Hortaz, Espainiako Gobernuak Talgon inbertitzen duenean, batez ere pertsonaia horietan inbertitzen ari da.

CAFen kasuan, akziodun nagusiak gu geu gara, langileok, eta ondoren Kutxabank. Inbertsio-funtsik garrantzitsuenak % 3 baino ez dauka. Espainiako Estatuak ondo baino hobeto begiratzen du nori eman halako eskariak.

ZENBAIT ONDORIO:

  • Munduan 588.000 milioi euro dago 2022ra bitartean abiadura handiko proiektuetarako. Orain arte, ordea, CAFk Oaris bat baino ezin izan du saldu nazioarteko merkatuan. Daukagun lehiarekin: txinatarrak, Siemens, Alstom, Bombardier eta, azkena, Talgo-Espainiako Gobernua, ez dirudi erraz merkatu horretan saltzea.
  • Aitzitik, urratsa handiak eman dira metroen, tranbien, aldirikoen eta distantzia ertainen merkatuan, horietako batzuk horren garrantzitsua den Europako merkatuan.
  • LABentzat guztiz argi dago; lortu beharra daukagu Europatik datozkigun eta martxan ditugun horren eskari zorrotzak alhalik eta arrakastarik handienarekin burutzea. Erronka horiexek emango digute aukera aipatu merkatu horietan hazten jarraitzeko. Sektorean izen errespetagarria izateko aukera.
  • Espainian ez dago merkatu gehiagorik, eta sor daitekeen ezer gutxi hori ez digute eman nahi izango. Talgok esan du tranbiak eta metroak fabrikatzen hasiko dela. Hortaz, gure produktuei lehia egingo die, eta inolako zalantzarik gabe, Espainiako Gobernuaren laguntzarekin.

Gaur gaurkoz, nazioartean CAF enpresa “espainola” da, eta halaxe tratatzen gaituzte. Ikusi besterik ez dago Frantziako eskaerarekin gertatutakoa: lehiaketa irabazi ondoren, deskalifikatu egin gaituzte.

Eta Espainiako Estatuan, gaur egun, Talgorekin lehian dagoen enpresa gara. Horrenbestez, ez digu ezertan lagunduko. Horregatik guztiagatik, CAFeko zuzendaritza animatu nahi dugu zalantzarik ez egitera. Munduaren aurrera agertu behar dugu “made in Basque Country” gisa, nazioartean gizarte- eta merkataritza-harreman propioak eduki nahi dituen herri gisa, “kalitate handiko” trenak salduz. CAFk geroa izango badu, nazioartean euskal enpresa bezala agertu behar du, ikertzen duen enpresa gisa, teknologia propioa duena, eta kalitateko giza kapitala eta kalitateko enplegua dituena. Datozen urteotan ereindakotik jasoko dugu hurrengo hamarkadetan.

Espainiako AVEen esleipena aurretiaz idatzita zegoen. Egin dezagun gure bidearen aldeko hautua.  GURE ESKU DAGO.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.