Euskal Herrian behar dugun sindikalismo eredua Birpentsatzeko gogoeta kolektibo emankorra egin ondoren, 2017ko maiatzaren 25 eta 26an izango da 9. Biltzar Nagusia, Gasteizen. Bertan, besteak beste, aldaketak emango dira sindikatuaren lemazainetan. Ainhoa Etxaide eta Jabi Garnikak erreleboa emango dute. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest gara.
Ainhoa Etxaide. LABeko idazkari nagusia
«Hau infernua izaten ari dela esan diet lankideei»
2016-11-20 / Xabier Martin
Etxeko lanak eginda daudela diozu. Uda hasieran, ez zenuen baztertu jarraitzea. Josi al dira geratzen ziren hari solteak?
Kongresura daramagun proposamena heldua dugula eta, etxeko lanak egin direla esan dut, bai. Kongresua ez da garai berri bat hasi behar dela esateko, garai berri batean sartu garelako ja. Mandatu berri bat dago mahai gainean. LAB berritu bat daukagu, garai berri batean eta Euskal Herri berri batean. Egokiena da mandatu hori zuzendaritza berri batek gauzatzea. Beti dago zer egina, egia da, baina, horrela jardunez gero, behartuta baizik ez genuke utziko ardura. Sindikatu berria den neurrian, erronka berriak dauzkagu, eta lekukoa pasatu behar zen; egokia da, naturala.
Nekea eta, areago, etsipen uneak ere eduki dituzula esan zenuen udan. Aldarte pertsonalak ere izango zuen bere pisua lekukoa emateko erabakian.
Desgastea ezin da ukatu. Bederatzi urte dira idazkari nagusi gisa, 21 zuzendaritzan, eta horrek badu bere zama. Sindikalismoan borrokan jarraitzeko aukera dudanez, jarraituko dut, baina beste era batera. Oso gogorra da ardura gorena. Hau infernua izaten ari dela esan diet inoiz zuzendaritzako kideei. Baina ez da nekea izan arrazoi nagusia. Begira, Angela Davis egon zen Euskal Herrian gogoratu duzun elkarrizketaren ondoren, eta hark erantzun zuen nekatzen denean atseden hartzen duela berriro altxatzeko. Banuen hori egitea, baina beste gauza batzuk egiteko gogoa daukat. Hala ere, pisu handiagoa izan dute arrazoi politikoek eta antolakuntza mailakoek.
Garbiñe Aranburu proposatu du zuzendaritzak LABen lema hartzeko. Hautagaitza alternatiborik izango ote da maiatzean?
Normalean, zuzendaritzak proposatzen duena ateratzen da. Une honetan, sindikatuan ez dago zuzendaritzaren tesi nagusiaren alboan beste ildo alternatiborik. Beste hautagaitza bat aterako balitz, biak aztertuko genituzke, biak eztabaidatzeko. Baina kontuan hartu sindikatuaren zuzendaritza hartzea ez dela opari bat. Eskarmentua, ibilbidea eta ezagutza behar dira. Ez dut espero beste hautagaitzarik, ez.
Sindikatua baturik dagoela diozu, eta hori badela zerbait kontuan hartuta esparru guztietan egin direla aldaketa sakonak. Norbait mindua egon beharko luke?
Ez, mindua ez, baina aldaketa guztiek dituzte aurkako erresistentziak, eta normala da beldurrak eta bertigoak azaltzea. Gure lerro sindikala aldatu dugu, negoziazio kolektiboa ardatz zuen ekintza sindikala gainditu behar zelako. Hori sindikatu batentzat asko da; asko da negoziazio kolektiboa tresna nagusi gisa hartu duten ordezkarientzat, egoera erabat berria delako. Eztabaida biziekin egin dugu hori, ez baikara aho bakarreko sindikatua, eta ez dugu izan nahi; horregatik ematen diot balioa batasunari.
Urte gutxian izandako aldaketa sozioekonomikoaren eraginpean, jakin al du LABek bere eskaintza, mezua eta irudia berritzen? Aldaketaren abiadurak ez al du inoiz aurrean eraman sindikatua?
Hori da, hain zuzen, gure lorpen handiena. Ur handietan egokitu zaigu itsasontzia gobernatzea, eta horrelakoetan ezin da kontrola galdu, ekaitzak irentsiko zaitu eta. Arrantzale baten alaba naiz ni, eta txikitatik entzun diot aitari. Gu ez gara galdu. Egoerak gainezka egin digula inoiz? Bai, seguruenera. Zalantzak izan direla? Hori ere bai. Baina, egoerak agenda markatu arren, guk idatzi dugu gidoia, eta gure erabakiak hartuz idatzi dugu, ez kanpotik harrarazi nahi izan dizkigutenekin. LAB da gehiengoak kendu eta ematen dituena, iritzi propioari eutsi diogulako. Horrek ekarri digu bi aldeetatik eman digutela egurra.
Beraz, sinetsita zaude egungo zuzendaritzak LAB sindikatua berritu duela?
2008an, aldarrikapen batzuk genituen, eta, orain, beste batzuk ditugu; ekintza sindikala modu batean egiten genuen, eta, orain, beste batera; 2012an, biltzar bat egin genuen ildo batekin, eta, gaur, beste konfrontazio batean gaude; erabakigarria izan zen patronalak 2013an sektore arteko akordioa egiteko aukera ukatu izana. Erreformaren aurkako blindatzea sustatu genuen, eta, Confebaskek ezetz esan zuenean, lerro sindikala berraztertu behar izan genuen. Akordiorako baldintzarik gabe geratu ginen, eta horrek beste fase bat ireki zuen.
Borroka moldeak ere aldatu direla ematen du: azken greba orokorra 2013an egin zen, bost urtean zazpigarrena. Negozio txarra bihurtu da lanuzte orokorrera deitzea?
Alderantziz. Greba orokor horiek garbi utzi dute Euskal Herrian bizirik dagoela sindikatuen borroka, eta alternatiba soziopolitiko baterako tresna garela. Krisi horrekin batera eraso gogorra zetorrela ohartarazi genuen, horren aurrean altxatu egin behar zela. Greba horiek dira egun gehiengo sindikal sendoa, indartua eta alternatiboa egoteko oinarrietako bat.
Zergatik ez dituzue gehiago antolatu?
Borroka prozesuek bere faseak dituztelako, batetik, eta ELA eta LABek ez dugulako asmatu borroka horrek sortutako kapitala adostasun batzuen gainean kudeatzen, bestetik. Gainera, erantzun dinamika bati, eraikitze dinamika batek segitu behar dio. Kontua da ELA eta LABen aliantzarik gabe zaila dela eraikitze dinamika gauzatzea.
Itxura batean, aliantza sendo bat eratzeko prozesuan daude orain ELA eta LAB. Zergatik ez lehenago? Lan erreforma ez ote da izan Troiako zaldia bien arteko aldea handitzeko?
Erreformak goitik behera aldatu zuen lan munduaren egoera, eta ELAk eta LABek analisi, estrategia eta lerro sindikal desberdinekin aurre egin zioten. Ezin da akordio bat egin eta gero gauza kontrajarriak sustatu lan zentroetan. Argi dago ados jarri behar dugula lan munduari begira egin beharreko ekintza sindikalean eta negoziazio kolektiboan.
Lan itunen estatalizazioa akuilua izan da azken urtean ahalezko aliantza hori azkartzeko. Zuk kargua utzi aurretik ikusiko ote dugu negoziazioen emaitza? Ekintza sindikal bateratura iritsiko ote dira ELA eta LAB?
Maiatzaren 24ra arte idazkari nagusi naizela dakit nik, eta ordura arte elkarlan horren bila ariko naizela. Harrituko ninduke ekintza sindikaleko akordio orokor bat lortzeak. Askoz emankorragoa litzateke hitzarmenez hitzarmen lan gatazka jakinetan eta ekintza sindikalaren eremu jakinetan aliantzak egitea elkarlanerako. Hori gertatzen bada, akordio sindikal orokor baterako baldintzak jarriko lirateke.
Gertatuko da?
Zoritxarrez, lan gatazkak izango ditugu zer gertatuko den ikusteko, baina negoziazioak esango du. Baliteke enplegua suntsitzeko beste fase batean sartzea berriro, eta horri erantzun egin beharko diogu lantokietan. Sindikatuaren balioa, gaur egun, prekaritateari aurre egiteko dugun gaitasunaren araberakoa da, bai LABentzat, bai ELArentzat. Bien arteko akordioa behar da prekaritate egoera irauliko badugu. Batera erantzuteko premia beti egongo da, baina adostasuna nahi dugu eskaintzan, hura baita aldaketarako bidea.
ELAk esan du prest dagoela akordioa egiteko, baina erantsi du desadostasun handiak dituela LABekin…
Egia baita. Guk ez dugu politikarik egiten, politikagintzari ezer kendu gabe; guk eguneroko errealitatean jarduten dugu, langileekin batera. Ez bagaude ados jardun hori egiteko moduan, zaila da aliantzak egitea, hori argi dago. Baina nago pixkanaka lortuko ditugula akordio gehiago.
Gehiengo sindikala edukiz betetzeaz ari zara, noski.
Borroka egiteko prest dauden langileei eskaintza bateratua emateaz ari naiz, borroka horrek emaitza emankorragoak izan ditzan.
Ez dira hain aspaldikoak CCOO eta UGTko euskal adarren buruekin batera azaltzen zaren argazkiak; nola azaldu gertatu dena?
Erreformaren aurrean, bertako esparrua babesteko akordioa egitea proposatu genien patronalari, Jaurlaritzari eta beste sindikatuei. Jaurlaritza bide hori arakatzeko prest azaldu zen, baita CCOO eta UGT ere. ELAk ezetz esan zuen. Nola azaldu behar dut haiekin batera manifestatzea? Euskal esparrua blindatzeko saioa izan zen neurrian, bere kabuz ulertzen da. Ez ginen aliatuak izan: esparrua blindatzea helburu zuen bidean bat etorri ginen, besterik ez.
Zer gertatu zen gero?
Patronalak ezetz esan zuela, nahiago zuela erreforma, eta LABen hautua konfrontazioa izan zen, noski. Zer gertatzen da konfrontazioa dagoenean? Ba, CCOO eta UGT desagertu egiten direla. Guk ez diegu leporatzen bi sindikatu horiei abertzale ez izatea, patronalaren eta gobernuaren alboan egotea baizik, eta langileek inoiz baino gehiago behar gaituztenean egitea hautu hori.
Horregatik gainditu du orain LABek CCOO ordezkaritzan?
CCOOk eta UGTk uko egin diote euskal agendari; Madrilgo sindikatuen sukurtsalak izatea aukeratu dute, eta argi ikusten ari gara zer ekartzen dien hautu hori egiteak, ez bakarrik CCOOri eta UGTri, baita PSEri eta PPri ere.
ELAk dio Confebask prest azaldu dela orain sektore arteko esparru hitzarmen bat egiteko, Bizkaiko merkataritzaren ituna oinarri gisa hartuta. Zer diozu?
Guri patronalak ez digu eskaintzarik egin. Egia da Bizkaiko merkataritzan akordioa egin dela, eta Arabako ostalaritzan negoziatzen ari garela, eta patronalak beharbada sektore artekoa ere egin daitekeela esan duela mahai horretan. Estatalizazioaren aurrean gure esparrua blindatzeko saioetan egongo da LAB, seguru, baina, horretarako mahai bat eratuko balitz, gure lehengo proposamena 2013ko proposamen bera litzateke. Izan ere, orduan, negoziazio kolektiboaren egituraz hitz egiteaz gain, desblokeoaz eta bertan behera gelditutako itunez hitz egiten zen. Proposamen hura osoagoa da, eta gehiago babesten du euskal esparrua. Hala ere, estatalizazioari mugak jartzea beti izango litzateke positiboa.
Iñigo Urkullu berriro lehendakari. Zer espero du LABek legegintzaldiaz?
Egoera sozialaren larritasunaren neurria datuek ematen dute, eta izugarria da. Gero eta langabe gehiago dago inolako babesik gabe. Politika ez badute aldatzen, murrizketak datoz berriro, eta haiek egiteko modu asko daude. EAJren agendak egoera okertuko duela uste dugu, eta ez dugu ezer onik espero. Mobilizazioa baino ez da gelditzen.
Ez dirudi garai onak direnik mobilizatzeko.
Egia da mobilizazioa apaldu egin dela, baina aktibazioa berreskuratzen ari gara, eta eskaintza alternatiboan zentratuko gara.
LABeko buruzagitza beste emakume batek hartuko du. Berariaz izan da?
Garbiñe zen hautagai trebatuena; seguruenera, errelebo naturalena. Baina ez da kasualitatea errelebo hori emakumea izatea. Talde parekidean, emakumeen karguak lehen mailakoak izan dira gurean, eta horrek egiten du gero emakume batek hartzea idazkaritza. Nik banuen interes berezi bat, gainera, ez dezan inork pentsa Ainhoa Etxaide salbuespen bat izan dela.
Horrela sentiarazi zaitu inork?
Gertatu izan zait mintzaide batengana joan eta niri hitz egin ordez Jabiri [Garnika] begiratzea etengabe. Gizonak ikusi ditut emakume bati buruz buru hitz egiteko zailtasunekin.
Erakundeetako arduradun nagusiak?
Bai. Idazkari nagusia ni naizela gogoratu behar izan dut behin baino gehiagotan.