PRENTSA OHARRA:
BEASAINGO ETA IRUNGO CAF-EKO LANGILEEK EGUNEROKO 2 ORDUKO LANUZTEAK EGINGO DITUGU AZAROAREN 3AN, 8AN ETA 10EAN PRODUKZIOKO AZPIKONTRATAZIOAREN AURKA ETA ENPLEGUAREN ALDE
Gaurko egunez, Beasaingo eta Irungo zentroetako enpresa-batzordeek deitutako batzarrak egin dira.
Batzar horiek bi puntu izan dituzte gai-zerrendan:
- Beasaingo zentroko Altzairutegiaren egoerari buruzko informazioa.
- Enpleguaren aldeko eta produkzioko azpikontratazioa handitzearen aurkako mobilizazioen proposamena.
Lehen puntuarekin lotuta, sekzio horretako jarduera eteteko 2017ko urtarrilaren 1eko data kentzeko Zuzendaritzarekin akordioa lortu dugula jakinarazi nahi da. Zuzendaritzak, Altzairutegiak dituen arazoak aztertu ahal izateko, aldez aurretiko baldintzarik gabeko elkarrizketarako gunea irekitzeko konpromisoa hartu du bere gain.
Bigarren puntuari dagokionez, datorren urteotarako aurrez ikusitako lan-kargak leheneratu ondoren, langileen eta enplegatuen kolektiboan enpleguaz hitz egitea presazkoa dela salatu dute. Horrekin lotuta, Zuzendaritzak ahal duen guztia azpikontratatzeko dituen asmoak hasiera-hasieratik geldiarazi beharko lirateke. Etorkizun laburrera begira, horren inguruko aurreikuspenak aldekoak dira sail gehienetan: Bulego Teknikoa, ibilgailuen produkzioa, soldadura, elektrizitatea, muntaketa, pintura, logistika, mantentze-lanak…
Zuzendaritzak azpikontratazioaren aldeko apustua egin du karga-igoerari aurre egiteko formula gisa. Ondorioz, CAFeko instalazioetan modu iraunkorrean lan egiten duten kanpoko enpresen presentzia areagotu egin da eta erretiroa hartu duten langileak azpikontratekin ordezkatu dituzte kasu batzuetan.
Batzordearen ustez, sail guztietan langileak falta dira arrazoi ugari dela eta. Jende gehiago falta da eta beharrak areagotu egingo dira bezeroen eskakizunekin eta kargekin.
Azkenaldian, hamarka tituludun kontratatu dituzte eta tituludun gehiago kontratatzen jarraitzeko hautaketa-prozesuak egiten ari dira. Hori guztia positiboa iruditzen zaigu, noski. Baina tailerreko langileen kontrataziorik ez da ikusten eta, esan digutenaren arabera, ez dago tailerreko langileak edo enplegatuak kontratatzeko aurreikuspenik.
Testuinguru horretan, errelebo-kontratuak rol garrantzitsua betetzen du. Errelebo-kontratua tituludunekin bakarrik egin dute azken urteotan. Irailean eskatu dugu hurrengo 2 urteotan Beasainen eta Irunen erretiroa hartuko duten kolektibo horietako 79 pertsonak ordezkatu ahal izateko tailerreko langileak kontratatzen hasteko, baina eskaera horren inguruko erantzunik ez dugu oraindik jaso.
Baldintza ezegonkorragoak biltzen dituen azpikontratatzea geldiarazi ahal izateko, Zuzendaritza kontratatzen hastera behartzeko borroka egitea proposatzen dugu. Hitz gutxitan esanda, hauxe litzateke Zuzendaritzari bidaliko geniokeen mezua: “ekarri lana Beasainera eta kontratatu jende gehiago”.
Horregatik guztiagatik, Zuzendaritzari eskatzen diogu tailerreko langileak eta enplegatuak kontratatzen has dadila nolabait kargen igoera estali eta, era berean, 2017 eta 2018 urteetan aplikatu beharreko errelebo-kontratuak dagozkion datetan egingo direla bermatu ahal izateko, tailerreko langileak tailerreko kontratazioekin ordezkatuta.
Horretarako, eta Zuzendaritzak konpromiso hori bere gain hartu arte, azaroaren 3an, 8an eta 10ean lanuzteko bi ordu egitea proposatu diegu batzarrei.
Beasainen eta Irunen egindako bozketetako boto-kontaketa egin ostean, planteatutako mobilizazioak egitearen aldekoak izan dira nabarmen.
Beasain-Irun 2016-10-27
BEASAINGO ETA IRUNGO ENPRESA BATZORDEAK