Altxa #m17|an Lanbide Heziketako prekarietatearekin amaitzeko!

Gaur martxoaren 17, Ikasle Abertzaleak, Ernai gazte antolakundeak eta LABek deituta, baterajotze nazionala egingo dugu Lanbide Heziketan ikasten ari diren gazteek bizi duten egoera larria azaldu eta gutxi batzuen interesak asetzeko gazte askoren hezkuntza eta praktikaldiak prekarizatzen dituztela salatzeko.

altxa
LANBIDE HEZIKETAko ikasleek lan munduan eta praktikaldietan pairatzen duten egoera ezaguna da guztiontzat eta askotan salatu izan dugu. Krisiaren aitzakiarekin patronala bere abantailazko posiziotik, esplotazio eredu gupidagabea inposatzen ari da, gazteak kaltetuenak direlarik (enplegu prekarioa eta aldibaterakoa, kontraturik gabe, langabezia altua…). Sistema honek gazteak prekarietatera eta pobreziara kondenatu nahi ditu, etorkizunaz erabakitzeko aukera lapurtuz, edota enplegua lortzeko emigratzera behartuz.

Lanbide Heziketetan ikasten ari diren gazteak bizi duten egoera oso larria da. Gutxi batzuen interesak asetzeko  askoren hezkuntza eta praktikaldiak prekarizatzen dituzte, ikasle akritiko, sumiso eta sistema esplotatzaile honen biziraupena bermatzeko tresna bilakatuz.

Egoerari buelta eman behar zaiola, eta emango diogula argi daukagu: horregatik martxoaren 17an egingo den baterajotze nazionalean, hainbat neurri har daitezela exijituko dugu: Bilboko kaleetatik Iruñera, edota Laudioko kaleetatik Tolosara. Helburua, praktikaldiak duindu eta hezkuntza patronalaren eta esku pribatuen logikaren arabera antolatu ordez, gazte eta langileon mesedetara egotea izanik.

• Lanpostu desberdinetan formazio integrala jasotzea. Praktikaldiak hezkuntza prozesuaren parte dira eta ez enpresetan lanpostuak gazteekin kubritzeko. Ikasteko eta formazioan sakontzeko egin behar dituzten praktikak, beraz lantokian errotazioa eman behar da lanpostu desberdinak ezagutu eta hauetan trebatzeko. Eta noski,  praktikaldiak ezin dira izan enpresek egin beharreko kontratazio berriak aurreztu eta betetzeko. Lan praktikak ez dira lanpostuak ordezkatzeko.

• Praktikak ezin dira gazteentzako koste bilakatu. Horregatik, praktika garaietan egin beharreko bidaiak eta lanpostuaren erruz etxetik kanpo bazkaltzeko egoerari erantzun behar zaio. Hau da, bidaia eta dieten ordainketa ezin dira ikasleon gain geratu.

• Esan bezala, praktikaldia hezkuntza prozesuaren baitan ulertzen dugu. Honek ez du kentzen lantokiko beste langile bat bezala produzituko ez dutenik. Eta soldatarik izango ez balute ere, lan orduek segurtasun sozialean kotizatu beharko lukete.

Martxoan kaleak hartzeaz gain, praktika guneetan burutzen ari diren enpresen balorazioa eta zerrenda beltzak ere  lan eta praktika baldintzak hobetzera begira presio mekanismo bat izan behar dira, enplegu eta hezkuntza sailek patronalari mesede egin baino, ikasleen eta oro har langile eta herri sektoreon aldeko politikak sustatzeko eta prekarietatearekin amaitzeko.

Honengatik guztiagatik aterako gara martxoaren 17an kalera: kapitalaren mesedetan eta herritarron baldintzen prekarizazioan sakontzen duen erreforma bat gehiago ez dugulako onartuko, baina gaur egun ditugun baldintzak ere ez! Beraz, deia egiten diogu Lanbide Heziketetako ikasle orori, aldarrikapen hauek aurrera eraman eta herritik eta herriaren mesedeetara egingo den eredu baten eraikuntzan pausuak emateko!

Martxoaren 17an kalera!
Altxa, prekarietatearekin amaitzeko!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.