Metalgintzan prekarietaterik ez! Hitzarmen duinak guztiontzat!

adegi

Gaur goizean, lehenengo Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean eta ondoren ADEGIren egoitzaren aurrean, LABeko delegatuok Gipuzkoako Metaleko Hitzarmena defendatu eta aldarrikatu dugu.

 LABek ezetz esaten du, aski dela. LABek ez ditu patronalak nahi dituen hitzarmenak sinatuko. Ez gaude pobrezia eta prekarietate gehiago onartzeko prest. Ez ditugu langileentzat kaltegarriak diren neurriak babestuko. Langileek ez dituzte behar, justu kontrakoa. LABek ez ditu, inolaz ere, metalgintzako langileak abandonatuko. Aldiz, eurekin batera borrokatuko du patronalak bilatzen duen prekarietatea eta desberdintasuna handitzeari alternatiba emateko.

Hauek dira LABentzako ardatz nagusiak:

Lan merkatu arautua behar dugu, prekarietatea eta pobrezia mugatuko dituena. Negoziazio kolektiboaren eskubidea defendatzen jarraituko dugu, aberastasuna era justuan banatzen dela bermatzeko. Egin genezakeen gauzarik okerrena izango litzateke ematen ari den eskubide lapurreta normaltzat hartzea. Eskubide hau ezerezean uzten ari diren hauek seinalatuko ditugu. Ez diogu patronalari gure eskubideen jabe izaten utziko. Inposatu nahi digun blokeoa gainditzera goaz. Hauek dira metalgintzako sektorean LABek defendatuko dituen lan ardatz nagusiak:

1.- Metaleko sektore arautua izatearen beharra eramango dugu lantoki guztietara, enpresa handiak ala txikiak izan. Sektoreko langile guztiek gutxieneko eskubideak bermatuta eduki behar dituztela exijituko diogu patronalari. Horretarako, sektoreko hitzarmena aitortzeaz gain, berau hobetuko dituen proposamenak aurkeztuko ditugu lantoki guztietan. Araban eta Nafarroan sinatutako aurreakordioek ezin dituzte Euskal Herriko metalgintzako lan harremanak arautu. Hor ez dago etorkizunik, pobrezia gehiago baizik.

2.- Sektore bezala mobilizatzen jarraituko dugu, prekarietateari aurre egingo dion eremu eraginkorra beharrezkoa dela aldarrikatzeko. Negoziazio kolektiboa letra larriz aldarrikatuko dugu. Lan harremanen indibidualizazio eta prekarizazioaren aurrean, eskubideak guztiontzat behar ditugula aldarrikatu eta defendatuko dugu. Euskal Herriak lan erreformatik babestuko gaituen eredu propio eta ezberdina behar du. Hori lortzera goaz.

Lehenengo urratsa hurrengo azaroaren 26an Adegi eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan egingo dugun mobilizazioarekin emango dugu.

3.- Klase politikoa interpelatzen jarrituko dugu. Negoziazio kolektiboa ez da soilik patronalaren eta sindikatuen arteko arazoa. Lehen mailako arazoa politikoa da, hau da, nola banatzen den aberastasuna, zer nolako herria eraiki nahi dugun… Pobreziaren hedapena noiztik ez da lehentasun politikoa? Instituzioak badira langileok bizi dugun egoeraren arduradunak. Halaber, prekarietatea gelditzeko eta enplegua sortzeko ekimenak aurkeztuko ditugu erakundeetan.

Beraz, metalgintzako sektorean hitzarmena duinak lortzeko LABek langileei aktibatzeko dei egiten die.

GAURKO BORROKA

BIHARKO ENPLEGUA!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.