Metalgintza arloko hitzarmena aldarrikatu dute Ordizian, bigarren greba egunean

Metaleko hitzarmena defenda dezagun zioen pankartaren atzean ehunka lagun bildu dira gaur Ordizian, azoka egunarekin bat eginez egin duten manifestazioan. Metalgintzan aste honetarako deituriko bigarren greba eguna izan da gaurkoa. Zehazki, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta astelehenean egin zuten lehen greba eguna, gaur bigarrena eta etzi izango dute hirugarrena.

Manifestazioaren amaieran, Aitor Urkiola LABeko ordezkariak herrialdeko hitzarmenaren aldeko defentsa egin du; «enpresa bakoitzean hitzarmena eduki edo ez». Era berean, Adegiri zein greba egin ez duten langileei zuzendu zaie: «Gure borrokaz lortuko dugu, dagoeneko lortzen ari gara, gurea eta guztiona defendatuko dugu». Gaur iluntzeko 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan. Ostiralean berriz, Donostian 12.00etan Boulevardetik irtengo den manifestaziora joateko deia egin die Goierriko langile guztiei.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.