Hitzarmen propioak edota enpresa paktuak dituzten Gipuzkoako enpresa handietako LABeko delegatuek, bat egin dute LAB sindikatuak erreformei aurre egingo dion hitzarmen sektorial blindatu bat lortzeko, datorren ekainaren 17, 19 eta 21erako Gipuzkoako metalgintzan deitutako greba egunekin.
HITZARMEN PROPIOA DUTEN ENPRESEKO DELEGATUEN KOMUNIKATUA
Agerraldi honen helburua da adieraztea argi eta garbi LABeko delegatuek dugun determinazioa Gipuzkoako Metaleko hitzarmenaren aldeko borroka eraginkor honi eusteko. Bereziki datorren asteko 17, 19 eta 21eko greba egunetan, erreformei aurre egiten dion hitzarmen sektorial blindatu bat lortzeko.
Hemen gauden guztiok enpresa handietako LABeko delegatuak gara. Hemen gauden guztiok enpresa eremuan badaukagu paktu edo hitzarmen propioa, baina hemen gauden guztiok bat egiten dugu datorren asteko greba egunekin orain esango ditugun arrazoiengatik:
1.- Hitzarmen sektorial honek barnebiltzen dituen eskubide kolektiboak determinanteak dira metaleko langile guztiontzako. Determinanteak enpresa eremuan negoziaketa kolektiborako eskubidea ez duten enpresa ertain eta txikientzako, eta determinanteak paktua edo hitzarmen propioa dugun enpresetako langileentzako. Determinanteak dira oinarrizko abiapuntua izan delako beti.
Soldatan, lanaldian, aparteko orduetan, lizentzietan, edo bestelako balditzetan lortu izan ditugun hobekuntzak, sektore osorako baldintza minimoak ezartzen duen hitzarmen bat dagoelako, lortu izan ditugu. Eta ezinbestekoa den erreferentzia honen desagerpenak, gure enpresetan etorkizunean eman daitezken akordioetan, orain arteko baldintzak kolokan jar dezake. Nola lortuko dugu gure enpresetan baldintza hauek mantentzea gure inguruko tailerretan desagertzen ari diren bitartean? Agian, epe motz batean, eta herrialdeko hitzarmena indargabetzeko Adegik erakutsi duen asmoarekin bat eginez, handietan gauden bezala segitzea eskainiko digute, baina gero, epe ertainera, inguruko guztietan murrizketak ema direnean, gurera ere murrizketak etorriko dira.
2.- Maiatzaren 24an metalgintzako langileok sektorea gelditu genuen. Denok elkarrekin, beti bezala. Harro gaude metalgintzako langileok dugun borroka gaitasunaz, harro gaude borroka gaitasun horri esker parez pare irekita egotea erreformaren aplikazioa emango den ala ez Gipuzkoako metalgintzan.
Kohesioa eta elkartasuna erakutsi genuen maiatzaren 30ean, greba orokorrean, eta kohesioa eta borroka maiatzaren 24ean metalaren alde. Eta guzti honi esker argi esan dezakegu gure eskuetan dagoela erreformari ateak ixtea. Gipuzkoako metalgintzako langileen eskuetan dago erreformari aurre egitea, langileak babestea. Elkarrekin, Adegiren aurrean parez pare, borrokatzen. Gure borrokari esker Gipuzkoako metalgintzako langile guztiei eskaini nahi diegu Rajoyk lapurtu dien negoziazio kolektiborako eskubidea.
3.- Hitzarmen sektoriala nahi dugu, blindatuta, aberastasuna banatzen duena eta hori lortzeari begira Adegik dituen asmoei aurre egin behar diegu dugun indar guztiarekin. 24ean egin genuen eta datorren astean egingo dugu. Banaketak Adegi babesten du, banaketak langileak ahultzen ditu, baina denok elkarrekin erantzuten badugu, era masibo batean, gure helburuak lortuko ditugu. LABen argi dugu gure eskuetan dagoela.
Uztailaren 7a hor dago. Esprint honetako lehen lerroko protagonistak gu izango garela Adegiri ozenki esatera etorri gara. Ez gara ezkutatzen. Eta noski, gure eskuetan dago hitzarmena lortzea, eta greba hauekin kezkatuta dauden enpresariei argi esaten diegu badakitela zein den gatazka honen arduraduna. Blindajearekin ados badaude badakite non kokatu behar duten berain haserrea.Adegi da erantzule bakarra.