ENPRESA BATZORDEAREN OHARRA

(LAB eta CC.OOen gehiengoz)

Enpresa Batzordeak III.saileko arduradunei entregatu genien idatziari enpresak eman dion erantzunaren inguruan ondorengoa adierazi nahi dugu:

 

  • Enpresak argudiatzen du Houstoneko eskarian pilatutako atzerapena ez dela material faltarengatik, ez produktuaren kalitate arazoengatik eta ezta antolakuntza edo jarraipen arazoengatik izan. Orduan ondorioztatzen dugu enpresaren ustez atzerapen hori abenduko geldialdien ondorio izan dela. Hau da, atzerapenaren erru bakarra langileek izan dutela. Enpresaren erantzunari erabat kontrajarriz, guri langileek helarazi digutenaren arabera atzerapena guk aurreko idatzian aipatutako arazoen ondorioz izan dela pentsatzen jarraitzen dugu.
     
  • Enpresak dioen moduan ez badago antolakuntza arazorik, ez luke arazorik egon behar oporrak arte sail honetan dauden eskarien eta prozesu produktiboen eta beren planifikazioaren inguruan batzordeak bertako nagusiei eskatu diogun informazioa mahai gainean jartzeko. Materialen erosketan, logistikan, matxuretan, modifikazioetan,… izan diren inzidentzia kopuruaren berri emateko ere ez lukete arazorik izan behar. Ezin dugu ahaztu inzidentzi guzti hauek geldialdi orduak sortzen dituztela.
     
  • Enpresak 10 langile 4 larunbatetan (aste santua arte) etortzea beste alternatibarik ez du mahai gaineratu. Ez al du 3. erreleboa jartzeko posibilitatean erreparatu? Gure ustez irtenbide egokiagoa izango litzateke aipatutako atzerapenari aurre egiteko.
     
  • Enpresa Batzorde honek inongo momentutan ez du zalantzan jarri produktuaren amaierako kalitatea, bai ordea horretarako erabilitako moduak eta denborak.

Adierazitako guztiagatik ez dugu onartzen lau larunbatetan ordu estrak sartzeko egindako enpresaren proposamena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.