Datorren urteko lehen seihilabetekorako aurreikusten duten lan karga faltaren aurrean, CAFeko zuzendaritzak ERE bat ezartzeko asmoa agertu dio enpresa batzordeari.
Oraindik ez dago ezer ofizialik baina badirudi azaroaren 26rako deitu duen bileran ERE baten planteamendua gauzatzeko asmoa duela.
LABen ustez horrelako neurri drastiko batek eta orokorrean lan erreformatik eratorritako neurriek ez dituzte arazoak konpontzen. Neurri hauen helburua enpresei dirua oparitzea da eta ez inondik inora arazoei irtenbidea ematea.
Gure ustez neurri honen ondoren beste pauso gogorrago batzuk etor daitezke eta beraz ezin dugu bide hau irekitzen utzi, badaude beste soluziobide batzuk eta bide horiek jorratzea exijitzen diogu enpresari, langileekin adostasunean.
Langileok soluzioak behar ditugu eta ez EREak. CAFek urteetan eraman duen internalizazioaren industria politikak eragin du neurri batean lan karga falta hau. Eta soluzioa ere politika industrial horren aldaketatik etorriko da. Politika industriala lanpostuen defentsan oinarritu behar da eta ez soilik irabazien pilatzean.
Lan karga falta egiazkoa bada, denbora tarte hori langileen prestakuntzan erabiltzea proposatzen dugu.
CAFen helburua merkatua internazionalizatzea eta produktuaren kalitatean inbertitzea bada, zergatik ez ditugu langileak prestatzen etorkizuneko erronketarako? Langileak prestatu daitezke kalitatearen atalean, alor teknikoan, homologazio internazionaletan, hizkuntzetan, talde lanean,…
CAFek aurten ere 100 milioi €tik gorako irabaziak izango ditu eta neurri honen bitartez (750 langileri eragiten dion EREa) 2,5 milioi € aurreztu nahi ditu diru publikotik kobratuz. Hori ezin dugu onartu eta herri honetako ordezkari politiko nagusiek ere beraien posizionamendua agertu beharko lukete gai honen inguruan.
Horregatik CAFeko zuzendaritzari eskatzen diogu ez dezala EREa martxan jarri eta planteatzen ditugun alternatiben inguruan adostasunak lortzeko eseri dadila. Enpresak jakin dezala EREaren bidea ez badu baztertzen borrokarako bidea besterik ez zaigula gelditzen. Onartezina iruditzen zaigu gripe soil baten erremedio bezala UBIko errezetak planteatzea.