Beasaingo CAF trengilea abiadura handian zabaltzen ari da bere merkatua. Euskal multinazionalak aurreko egunetan ezagutarazi zuen Helsinkiko metrortarako trenak egingo dituela 140,5 milioi euroren truke; eta atzo, berriz, Erromako Udalarekin izenpetu duen kontratuaren berri eman zuen. 113 milioi euroren truke hamabost tren eraikiko dizkio, bakoitza sei bagoikoa. Puntako teknologiakoak izango dira Italiako hiriburuko metrorako trenak, bidaiari asko eramatekoak eta segurtasun zein kalitate arau handienekoak. Trenen mantentze lana ere egingo duela jasotzen du kontratuak; bost urteko epean egingo du lan hori CAFek.
Erromarekin sinatutako hitzarmenaren barruan 53 tren egin ditu CAFek 2002. urtetik. Mediterraneoko erdialdeko merkatua sendotzen ari da Beasaingo multinazionala, Triesterako, Milanerako eta Sardiniarako ere trenak egiten ari baita gaur egun.
CAFek mundu osorako egiten ditu trenak; hiri batzuk aipatze arren, honako hauetan baditu bere lantegietan egindako ibilgailuak: Washington, Sao Paulo, Hong Kong, Istanbul, Brusela, New Delhi eta Bartzelona.
Bost urterako lana
Industria alorreko euskal enpresa handien artean nekez aurki daiteke CAFenak baino zenbaki hobeak dituen enpresarik. Iraila arte 78,8 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu. %6,1 egin du behera kopuru horrek iazkoarekin alderatuta, baina zergetan kopuru handiagoa ordaindu duelako (25 milioi gutxi gorabehera). Brasilgo kontratuek eragin dute zergen karga handitzea. Hala ere, 91,7 milioi euroren salmentak izan ditu, iaz baino %1,3 gehiago. Lan eskaera ere %11 inguru igo da; 4.859 milioi euroko balioko proiektuak ditu esku artean, bost urterako lana.
Ingalaterran, Indian, Brasilen, Helsinkin eta Erroman eskuratu ditu azken kontratuak. CAFen estrategia nazioartekotzea dela sarri esan du zuzendaritzak; «apustu argia dugu: mundua da gure merkatua».