ELAk eta LABek eten egin dute Osalanen zuten parte hartzea

ELAk eta LABek Osalanen zuten parte hartzea etetea erabaki dute, honako arrazoiak direla eta:

      1. Eusko Jaurlaritzak batertu egin du lan-osasunaren arloan zinezko politikarik egiteko aukera. Laneko istripu eta gaixotasunen benetako zergatiei, hots, enplegu- eta lan-baldintzei, ez die ekin nahi, horrela patronalaren interesen aurka jo beharko bailuke (prekarietatea, kontrolik gabeko azpikontratazioa eta arau bihurtutako aldi baterako enplegua borrokatuz). Ondorioz, erakundeek ez dute aintzat hartzen gai honetan gertatzen diren arauhausteak behatu, kontrolatu eta zigortzeko betebeharra: ez Lan agintzaritzak, ez Lan-ikuskaritzak, ezta Osalanek ere.
      2. Osalan erakunde burokratizatu eta ezgauza bihurtu da; soilik patronalaren esanetara dago, eta bere egitekoak betetzeko adina bitartekorik ez dauka. 2010ean bere aurrekontua aurreko urtearekiko %43 jaitsiko da. Murrizketa eskandaluzkoa da, berez aurrekontua barregarria baitzen, BPGaren %0,02ra ere iristen ez zelarik. Politikarik ez, eta ezertarako balio ez duen propagandaz estali nahi dute gabezia.
      3. Osalango Kontseilu Nagusia antzezpen formal hutsa da (organo honek besteak beste erakundearen urteko aurrekontuak onartzen ditu). Batzordean ematen den informazioa ez da nahikoa, ez osoa, eta zenbait punturen inguruko datuak ezkutatzen dira (ikuskaritzari, arauhauste-aktei edota zigorren zenbatekoari buruzkoak…). Bilerak gero eta okerrago joan dira; gehiengo sindikalak egindako galdera eta eskariak erantzunik gabe geratu dira.
      4. Osalan finantzatzeko bide bihurtu da. Eusko Jaurlaritzak, Confebask, CCOO eta UGTren aldeko botoekin, estatuko Fundación Laboral para la Prevención de Riesgos Laborales erakundeari funtsak eskatzea erabaki du. Funts horiek Lan-Istripu eta Gaixotasun Profesionaletako Mutualitateen soberakinen zati bat dira. Orain arte Osalango Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzak berak erabili duten irizpidearen arabera, funts horiek EAEko erakundeen esku zuzenean jarri behar ziren, estatuko Fundazio horren “leihatila”ra jo behar izan gabe.
      5. Berez publikoa den diru hori onartzeak, Madrilen ezarritako irizpideei jarraiki, dirua banatzeko beste eredu baten oinarria jartzen du, eta eredu honen xedea patronala eta estatu mailako sindikatuak finantzatzea da. Confebask, CCOO eta UGTk 850.000 euro inguru izango dituzte beren artean banatzeko.
      6. Osalan estatuko eredura makurtu da, lan-segurtasun eta -osasunean porrot egin duen eredura alegia. Eusko Jaurlaritzak nahi du EAE estatuko beste edozein autonomi-erkidegoren modukoa izatea, baita gai honetan ere. Hartu dituen erabakiekin autogobernu mailak atzera egin du, eta bere eskumenak erabiltzeari uko egin dio. Aipatutako fundazioaren dirua onartzeak estatuko eredua ñabardurarik gabe ametitzea esan nahi du. Gisa bereko atzerakada da ere Osalanek Fundación Laboral de la Construcción erakundearekin sinatu duen hitzarmena; honen bidez EAEko eraikuntzako langileen prestakuntza estatukoek jasotzen duten berbera izango da; estatu mailako fundazio pribatu batek erabakitakoa onartzen da horrela.
      7. Eusko Jaurlaritzak Osalan edukirik gabe utzi nahi du, eta “elkarrizketa sozial” izen faltsua duen horren zerbitzura jartzea da bere helburua. Osalango Kontseilu Nagusira eramaten dira edukirik gabeko akordioak, gutxiengo sindikalarekin mahai horretan itxitakoak, istripu kontuan aurrera egiteko inondik ere balio ez duten arren. “Lotu” kanpaina (eraikuntzan “goitik beherako erorketen prebentzioa” sustatzeko hasi dutena) dugu horren adibide. Berez aski murritza zen Osalango aurrekontutik 400.000 euro bideratuko dituzte kanpaina egiteko, inolako helburu kualitatibo eta kuantitatiborik finkatu ez bada ere, eta aurrez egin diren antzeko kanpainak baliagarri izan ote diren neurtu gabe.

CCOOek eta UGTk erabaki dute gobernuaren bidelagun izango direla esparru honetan egiten duen edozein gauzetan, hain zuzen administrazioak doitze eta murrizte politikak bete-betean aplikatzen ari direnean. Beraz, patronalaren eta gobernuaren arteko akordiora bildu dira eurak ere. “Elkarrizketa sozial”aren dinamika indarrean dago Osalango Kontseilu Nagusian.

ELA eta LAB bat datoz erakundeetan eztabaidatzeko eta parte hartzeko aukerarekin, betiere horretarako baldintza egokiak daudenean, eta aurrera egiteko balio duenean; baina inondik ere ez dute fartsa honen konplize izan nahi. Ez dute antzezpen hutsetan parte hartuko, ez langile-klasea nahiz gizartea engainatuko.

Horrenbestez, ELAk eta LABek erabaki dute 2010eko uztailaren 5etik aurrera Osalango Kontseilu Nagusian bere partaidetza ondorio guztietarako eta epe jakinik gabe etetea, partaidetza horrek balioren bat duela bermatzen ez den artean; batetik, edukiei dagokienez, eta bestetik, euskal gehiengo sindikalaren iritzia aintzat hartzeari dagokionez, lan-segurtasun eta -osasun gaietako politika publikoak erabakitzerakoan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.