osalan

JAURLARITZAK OSALANGO AURREKONTUA %43 MURRIZTUKO DU

Gaur Osalango Batzorde Orokorra bildu da, eta berriro geratu da agerian Jaurlaritza honek laneko segurtasun eta osasunari dagokionez egiten duen kudeaketa ezin okerragoa. Argi geratu da baita ere Jaurlaritzak CCOO eta UGTren lagunatza daukala nahi duen guztirako.

ELA eta LABek bereziki bi puntu nabarmendu nahi ditugu.

      1. Jaurlaritzak Osalanen aurrekontu erreala %43 murriztuko du 2009 ekitaldiarekiko. Hasieran onartu zen aurrekontuaren arabera %8,6ko jaitsiera aurreikusita bazegoen ere, gaurko bileran gobernuak murrizketa berriak jakinarazi ditu, 4,5 milioitik gorakoak izan daitezkenak. Honek suposatuko du azkenean aurrekontua 2009koa baino %43 txikiagoa izango dela.

        Honek adierazten du Jaurlaritza honek laneko segurtasun eta osasunarekiko duen interes eskasa. Nola ekingo zaie 2010erako helburuei baliabideak hainbeste murriztuta? Osalan edukiz husteko beste urrats bat izan da hau.

      2. Gaurko Batzordean bozkatu denez, Osalanek Estatuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Fundazio Laboralari dirua eskatuko dio; honen aldeko botoa eman dute Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOek eta UGTk. ELAk eta LABek, aldiz, kontrako botoa eman dute.

        Aipatutako fundazioari eskatzen zaizkion funtsak EAEn dauden Laneko Istripu eta Gaixotasun Profesionaletarako Mutualitateek metatutako soberakinak dira. Orain arte Osalango Batzordeak eta Jaurlaritzak beste jarrera bat zuten: funts horiek zuzenean eskuratu behar ziren, Fundazioko “leihatila” horretara jo gabe. Irizpide hau, gainera, berretsi egin zuen Administrazio-Auzitegi Zentralak 2009ko martxoaren 23ko epaian, diru hori zuzenean autonomia-erkidegoek kudeatu behar dutela esanez.

        Gaurko bileraren ondorioz funts publiko horiek banatzeko beste eredu bat ezarriko da, eta horrekin patronala eta estatu mailako sindikatuak finantzatzeko bidea irekita geratuko da.

        Halaber, erabaki honekin Jaurlaritzak gai honekiko zeukan irizpide politikoa ere bazter utzi du inongo azalpenik eman gabe. Bere eskumenei uko egin die, estatuko eredura makurtuta. Argi dago hau ere estatua uniformatzeko proiektuaren beste atal bat dela, eta autogobernu mailan atzerapausoa ekarriko duela.

      3. ELAk eta LABek laneko segurtasun eta osasunaren inguruko politika publikoak goitik behera aldatzea exigitzen dugu. Prekarietatea desagertarazteko eta enplegu duina, kalitatezkoa, bultzatzeko borondaterik ez badago, Osalanek bere helburuak ezin izango ditu inondik ere iritsi, eta patronalaren menpeko organo bat besterik ez da izango.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.