47ak herrian!!

ENPRESA BATZORDEAREN OHARRA

Enpresa Batzordeak aho batez (LAB, ELA, CCOO eta ESK) 11/13 sumarioaren baitako epaiketa hau salatzeaz gain irailaren 14 manifestazioarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu eta dei egiten diogu langile orori bertan parte hartzera.

Irtenbidera, etorkizuna askatu
 47 euskal herritar epaituak izango dira datorren irailetik aurrera eta, guztira, 601 urtetako zigor eskaerari aurre egin beharko diote. Gertakizun larri honen aurrean honako hau adierazi nahi dugu:

47 euskal herritarrak eta beraien jarduerak zigortu nahi dituen epaiketa hau, lehen bezala orain, lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo dagoela salatzen dugu.

Euskal jendarteak aurrera egin nahi du eta etorkizunari behar bezala ekiteko iraganeko zauriak ixtea eta korapiloak askatzea ezinbestekoa da. Ez ditugu kate berriak asmatu behar eta ez dugu gehiago estutuko gaituen korapilorik nahi. Ez dugu bidean harri berririk behar, ez dugu min eta zauri berririk irekitzerik nahi. Zalantzarik gabe, konponbideari begira dagoen herria da hau, aurrera egiten ari den herria, eta ez gaude prest atzera eraman nahi gaituen egoerarik onartzeko.

Elkarbizitza, bakea eta justizia jendarte ororen altxor preziatua dira, baita gurea ere. Euskal jendartearen nahi horri erantzun behar diogu eta gatazka logika batean asmatutako eta abian jarritako prozedurak eten behar ditugu, eraikitzen ari garen orainaldia kutsatu ez dezaten.

Jendarte berri bat eraiki nahi dugu, sinistuta baikaude urteotan garatu ditugun baloreak eta eskubideekiko sentsibilitatea izango direla bestelako herri bat sortzeko zimendua: norbanakoen giza eskubideak, eskubide kolektiboak, elkartasuna, enpatia eta elkar bizitza. Etorkizuna guztion artean, elkarrizketaren bidez eta eskubide ororen errespetuan oinarrituta eraiki behar dugun etxea da eta guztiok gara ezinbestekoak, guztiok elkarrekin bizi behar dugun etxea baita.

Euskal Herrian bizi garen norbanako, eragile eta erakunde guztiok osatzen dugun euskal jendarte zabal eta anitzak hartutako bidean aurrera egiten jarraitu dezan ari gara.
Bihur dezagun iraganera eraman nahi gaituen epaiketa hau etorkizunerako ate. Irten bidera. Askatu dezagun etorkizuna, guztion erronka da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.