Hiriko mugikortasun jasangarriko sistemetan Europa mailako liderdoa lortzea. Hori da CAF konpainiak bere plan estrategikoan zehaztutako helburuetako bat. Eta bide horretan, “aurrerapauso handia” eman dute, Poloniako Solaris autobusen enpresa fabrikatzailea erosita. Horrela, CAF Taldea “autobusen segmentuan merkatuko gaur egungo liderretako bat” bihurtuko dela azaldu du konpainiak.
Solaris 1996an sortutako autobus konpainia da. 32 herrialdetako 700 hiri baino gehiagotan du presentzia, autobus arrunt nahiz elektrikoekin (tartean e-mobility modeloak). 2017an 1.397 ibilgailu ekoitzi zituen, eta 450 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Polonian bi lantegi ditu Bolechowo eta Sroda hirietan, eta 2.3000 langile. Bere merkatu nagusiak Polonia, Alemania, Italia, Eskandinabia eta herrialde baltikoak dira.
Merkatu estrategiko berriak
Andres Arizkorreta CAFeko presidentearen ustez, “CAFek Solarisen egin duen inbertsioak baieztatu egin du modu errentagarrian hazteko helburuarekiko gure konpromisoa”, eta gainera, helburu horrek “merkatu estrategiko berriak” zabaldu dizkiela dio. “Bi enpresen fabrikazio, diseinu, teknologia eta zerbitzuen arloetako know-howa bateratuta eta Solarisek produktuen berrikuntzan izan duen ibilbideari esker, gure bezeroei erantzun hobea eskainiko diegu, eta horrek, aldi berean, gure akziodunentzat balioa sortuko du”.
Bere aldetik, Solange Olszewska Solaris Bus & Coach enpresako presidenteak, CAFek bere markaren eta langileen etorkizuna bermatuko duela azpimarratu du. “Uste osoa dut CAFek Solarisen inguruko ikuspegi egokia duela eta mundu mailan bere potentzial osoa garatzen lagunduko duela”.
Jatorrizko albistea: http://goierri.hitza.eus/2018/07/03/caf-ek-solaris-autobus-ekoizle-poloniarra-erosi-du/