LABek enpresetara eramango du sektore hitzarmenen aldeko borroka


LABek Negoziazio Kolektiboaren suntsiketak dakartzan arazo sozial eta politikoak mahaigaineratu ditu gaur, beste behin, Bilbon eskainitako prentsaurrean. Suntsiketa honek langabezia eta pobrezia sortuko duela jakitun, Negoziazio Kolektiboaren defentsan sindikatuak aurrera begira ezarritako erronkak jasotzen dituen adierazpena aurkeztu du. Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusiak, jadanik delegatuekin konpartitu den adierazpena, datozen egunetan Euskal Herriko langile, sindikatu eta instituzioei helaraziko zaiela adierazi du.

 

 

LABek bereganatzen dituen konpromisoak
Adierazpenean LABek kalitateko enplegua eta pobreziaren aurkako borroka lehentasuna izango dela dio. Horretarako, helburu horri erantzuten dion negoziazio kolektiboaren alde egin eta euskal esparruan negoziatzen diren eta eduki duinak izango dituzten hitzarmenen alde borrokatuko da:

– Hitzarmenak negoziatzeko orduan langile guztiek euskal eremuan negoziatzeko duten eskubidea defendatuko da.
– Enplegu suntsiketarik ez dugu onartuko, ez kalerapenen bidez ezta lanaldia luzatuz edota lanaldia malgutuz suntsitzea ere.
– Soldata murrizketarik ez onartzea, ez zuzenean ez eta zeharka ere.
– Kontratazio berrientzat aurrekoen baldintza berdinak exigitzea eta borroka hori gaurko baldintzen defentsarekin parekatzea.

Langileon garrantzia
Egoera honi aurre egiteko harresi bakarra langileria dela azpimarratu du LABek. Modu antolatu batez lantokiz lantoki eta sektore guztietan lan eginez irabazi beharreko borroka baita eskuartean duguna.

Sindikatuen arteko fronte bat osatzeko beharra
Borroka honetan ezinbesteko ikusten du LABek fronte sendo bat osatzea eta aliantza horiek lortze bidean, beste sindikatuekin lan harremanetarako euskal esparrua erakitzeko helburuaz eta negoziazio kolektiboaren marko propioaren alde egiteko estrategia adosteko bilerak eskatuko dituela adierazi du.

Kupula enpresarialen interesen gainetik
Enpresariei ere luzatu die enplazamendua LAB sindikatuak; uztailaren 7an CONFEBASKek zabaldu zuen eskenatoki berriaren gainetik, lan erreformaren bidea alboratu dezatela eta euskal ekonomiaren mesedetan, lan harreman eredu berri eta propio baten alde lan egitera deitu ditu.

Instituzioei enplazamendua
Negoziazio Kolektiboaren suntsiketa arazo laboral hutsa ez denez, LABek instituzioei, interes orokorra zaintzeko funtzioa duten heinean, gehiengo langilearen eta euskal ekomoniaren aldeko apustua egin dezatela eskatu die. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.