Hasi da “sindikalgintza berria [bir]pentsatzen” prozesua gure eskualdean

birpentsatzenAtzo, burutu genuen Lazkaoko Areria Zinema aretoan, eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria [bir]pentsatzen prozesuaren lehenengo batzarra. Bertan, Goierri, Tolosaldea eta Buruntza eskualdeetako arlo ezberdinetako 250 ordezkari inguruk hartu genuen parte, tartean LAB-CAF Sail Sindikaleko delegatuok.

Zer da eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria [bir]pentsatzen prozesua?

Neoliberalismoaren azken hamarkadetako bilakaerak orain arteko paradigma sozial eta ekonomikoen erabateko aldaketa eragin du. Sistema produktiboaren egiturak zein logikak aldatu dira, kapitala eta lanaren arteko harremana eraldaketa prozesu etengabean dago eta honekin lotuta, sistema produktiboaren mundualizazioak lan harremanen ikusmolde klasikoa errotik aldatu du. Faktore hauen guztien eraginez -besteak beste- eta gertatzen ari diren aldaketa guztiak denbora errealean ulertzeko konplexutasunak, beharrezkoa egiten du orain arteko sindikalgintzaren zereginen inguruan hausnartzea.

Euskal Herrian sindikalgintzak prozesu sozial zein politiko askotan esangura handiko ekarpena eginagatik egoera eta momentu ezberdinetara egokitzeko gaitasuna izan du. Gaur egun dugun sindikatu eredua ongizate estatuaren garapenarekin eta lan munduaren egoera zehatz bati erantzuteko sortutakoa da. Edozein kasutan estatu egituran ematen ari diren egiturazko aldaketen eta dominazio modu berri eta sofistikatuen (prekarizazioaren orokortzea, langileen fragmentazioa, negoziaketa kolektiboaren desaktibazioa…) aurrean, sindikalgintzak egitura klasikoa mantentzen jarraitzen du. Hori dela eta, sindikalgintzak orohar, eta Euskal Herrian zehazki, dituen erronka berrien inguruko eztabaida sakona abiatzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu.

Jardunaldi hauetan mahaigaineratu nahi dugun hausnarketa beraz argia da: Zeintzuk dira egiturazko aldaketa hauen aurrean sindikalgintzaren funtzio berriak? Nola egin dezake sindikalgintza berriak elkarren arteko desafekzioan eta banatuta dauden langileak bildu eta ordezkatzeko? Nola jarri ditzake elkarren arteko konexioan langile asalariatuak, langile prekarioak, langabeak, autonomoak, nekazal eremuetakoak, etxez-etxeko langileak, espektatibarik gabeko gazteak, langile etorkinak eta beste hainbeste errealitate? Nola egin dezake sindikalgintzak subjektu berri, anitz eta aldakor honen beharrak ordezkatzeko?

Ez dugu uste eztabaida arina denik. Langileen ordezkaritzaren inguruan pentsatzeak orain arteko fabrikako gizonezko langile zuriaren iruditegia iraultzea eskatzen du. Era berean, estrategia berrietan pentsatzea suposatzen du, alegia, elkarren artean itxurazko konexiorik ez duten egoera sozial eta laboralen artean uste baino harreman handiagoa dagoela ulertzea, besteak beste. Hala nola, neoliberalismoa eta egungo austeritate politikak irauli eta kontrako baloreen araberako sistema berri bat eraikitzeko estrategia bateratuetan pentsatzea eskatzen du.

Hori dela eta, Euskal Herrian egun sindikalgintzak duen funtzio soziopolitikoaren ulermenean urrats berriak eman behar direlakoan gaude.

Zentzu horretan, ez dago sektore, errealitate, aktore sozial eta problematika ezberdinak interkonektatzen dituen ekintza sindikal baino ekimen politikoagorik. Hortaz, zubiak eraiki behar dira sektoreen artean: zure sektoreak eta nireak eta haienak dituen loturak aztertu behar ditugu. Finean, arazo partikularrek arazo kolektiboekin duten lotura aztertzeaz ari gara.

bir

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.