GAITASUNAK SENDOTZEKO PLANA

CAFeko Zuzendaritzak 2014ko amaieran sustatu zuen gaitasunak sendotzeko plana bete-betean ari da lantzen une honetan. Hasiera batean, planak hiru urtez iraun behar zuen, eta langileak ordu-kopuruaren % 50 hartu behar zuen bere gain. Lan-karga falta zela eta beste arintze-neurri bat proposatze aldera, 2015-2016an Goierri eskolako klaseetara joaten emandako denboraren % 100 enpresak bere gain hartzea adostu zen Enpresa Batzordearekin.

Ikasturtea amaituta, eta zenbait arlotan oraindik ere lan-kargarik ez zegoela ikusita, langileek proposatu zuten enpresak orduen % 100 hartzea bere gain ikastaroa amaitu bitartean. Orduan, Zuzendaritzak baldintza horiek onartu zituen 2016. urtearen amaierara arte. Horrela, 2017ko urtarriletik aurrera hasierako egoerara bueltatuko ginateke; hau da, langileak bere gain hartuko du prestakuntza-planaren % 50.

LABk askotan eskatu du langileen prestakuntza eta birziklapena lantzea. Aurrean ditugun erronkak direla-eta, ezinbestekotzat jotzen dugu langileen lanbide-profilak etengabe egokitzea; hortaz, oso positiboki baloratzen dugu plan hori martxan jarri izana. Planak enpresari berari ere egiten dio mesede, CAFk egun dituen langileak prestatu eta eraldatu egiten baititu aurrera begirako premietarako.

Alabaina, 2017ra begira, proiektuari mesede egiten ez dion beste errealitate batekin egin dugu topo. Arintze-akordioen ondorioz, datozen bi urteetan ikastaro horretan parte hartzen duten langile gehienek ere ordu asko errekuperatu beharko dituzte. Horrek esan nahi du langile horien lanaldiak luzatu egingo direla, eta, ondorioz, egoeraren gogortasunak nabarmen egingo duela gora. Fabrikan egin beharreko 6,5 orduei ikastaroko 3 ordu presentzialak gehitu beharko litzaizkieke, etxean ikasten eman beharreko denboraz gain.

LAB kezkatuta dago kolektibo horretan sortzen ari den egoerarekin. Zuzendaritzak ikastaroaren orduen % 50 langileei egozteko edo inputatzeko erabakiari eusten badio, aukera handiak daude langile askok prestakuntza hori bertan behera uzteko.

Egoera horretara iritsiko bagina, guztion porrota litzateke. CAFeko Zuzendaritzaren ardura da langile horien prestakuntzan inbertitutako guztia ezertan ez gelditzea. LABk guztiz bidezkotzat jotzen du, errealitate berriari erreparatuta, orduen tratamendua egokitzea 2017. eta 2018. urteetarako.

CAFeko zuzendaritzari dei egiten diogu langile-talde horrek ikastaroaren egungo baldintzei eusteko egin duen eskaera arreta handiz azter dezan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.