CAFeko enpresa batzorde europarra eratzeko sortu den negoziaketa mahaiaren lehen bilera burutu da gaur.
Enpresa Zuzendaritzak foro berriaren inguruko antolaketa eta funtzio proposamen bat aurkeztu du. Edukia sakon aztertuko behar badu ere, LABentzat oinarrizkoak diren zenbait puntu ez dira bermatzen. Langileon ordezkaritzaren parte hartzea estatuka kokatzen du enpresak, beraz printzipioz ez da jasotzen euskal langileon ordezkaritzaren bermea. Sindikatu txikien parte hartzea ere ez da bideratzen.
Aldiz, langileon ordezkaritza Komite horren barruan foro murriztu eta baztertzaileetara bideratzeko aukera ez da jasotzen, hau positiboa izanik.
Enpresa eta gainontzeko sindikatuen aurrean LABek bere esposaketa egin eta gero, Enpresa Zuzendaritzak negoziaketarako tartea ba dagoela adierazi du eta gure alde sozialaren eskariak kontutan hartzekoak direla azpimarratu du. Muga ordea, etorkizuneko komite partaideen banatze ereduan baino, alde sozialeko partaide kopuru totalean ezarri nahi izan du Zuzendaritzak, gehienera 26 kidez osatutako enpresa batzorde europarra proposatu dutelarik.
Enpresarekin bildu eta gero, sindikatuon arteko bilera burutu da. Bertan ekarpen eta iritzi desberdinak jaso eta gero, proposamen konkretuago bat adosteko bilera berri baterako data zehaztu da urtarrilak 28rako.
Sindikatu gehienen hitzartzeak, Komiteko ordezkarien aniztasuna ziurtatzearen ildotik joan dira.
Hala ere, gaurko bileraren ondoren, europar federazio sindikal handiek izan dezaketen eragina izan beharko da kontutan. Zenbait sindikatuk, jada ezarrita bait dituzte akordio desberdinen bidez horrelako foroetan nola funtzionatu eta “eserlekuak” nola banatu. Beraz, CAFekin zerikusirik ez duten zenbait gune sindikalen interbentzioak eragin handia izan dezake Komite honen sorreran.
Horrekin guztiarekin, LABek uste du gaur hasi dela negoziaketa eta prozesu honek ibilbide luzea duela oraindik.