I-26 titulatuei gutuna

Lankide estimatua:

Ondo jakingo duzun bezala, datorren Irailaren 26erako Greba Orokorrerako deialdia egina dago PPren gobernua langilegoaren aurka egiten ari den murrizketak salatzeko. Ondo jakina da baita ere, guri kendutako guztia bankuen erreskatea ordaindu ahal izateko erabiliko dutela. Pasa den asteazkeneko CAFeko langileen batzarretan greba honetan parte hartzearen aldeko aldarria nagusitu zen.

Dagoeneko inposatzen ari zaizkigun neurrien eta guztioi eragingo diguten ondorioen jakitun izango zara:

  • Sektore publikoa suntsitzen ari dira. Irakaslegoa gutxitzen da, gelak ikaslez betetzen dira eta horren ondorioz gure seme-alaben hezkuntzaren kalitatea gainbehera doa.
  • Osasun arloko langile kopurua murriztu eta lan baldintzak okertu dira, ondorioz eskaini dezaketen zerbitzua ez da kalitatezkoa.
  • BEZa igo dute eta zergak ordaindu nahi ez dituztenentzat amnistia fiskala eskaini. replica patek philipe
  • Lan erreformak lanpostuak deusezten ari diren bitartean, langabeziko laguntzak murrizten ari dira.
  • Laguntza behar duten pertsonen eskubideak mugatzen dira eta gure adinekoentzat zahartzaro duin bat izateko lortutako eskubideak ezabatzen ari dira.
  • Marko juridiko-politikoa bera aldarazten dute dekretu bidez, eredu zentralizatu eta uniforme bat lortzeko asmoz. Autonomien estatua desagerrarazi dute, norberak bere politikak egiteko aukera guztiak itxiz.
  • Eredu kapitalista basatiena ezarri dute. Ahal duenak bere burua babestu dezala, Estatuak ez baitu inor babestu eta ezer erregulatzen.
  • Ekonomiaren hazkundea ezinezkoa da erreforma hauek tarteko. Enplegua suntsitu eta gizarte osoaren bizi baldintzak okertuko dituen fase berri baten iragarpena dira.

Eta hau dena zertarako? Ba bankari 102.000 milioi € gehiago emateko. Gehiago diogu, dagoeneko 146.000 milioi € oparitu baitzaizkie. Eta kontua ez da hor amaituko, Estatuaren erreskatea eta horrek ekarriko dituen neurri berriak negoziatzen ari baitira.

Greba Orokorra justifikatuta egoteaz gain, beharreazkoa dela deritzogu.

Murrizketa hauek denoi berdin eragiten digute, berdin dio tailerrekoa izan, enplegatua izan edo titulatua izan.

CAF-Beasaingo Enpresa Batzordetik, Grebarekin bat egin dezazun eskatzen dizugu, beldurrik gabe pauso bat aurrera eman dezazun. Ziurrenik zure gainetik daudenek, bai e-mail bidez edo eta ahoz, greba egiteak ez duela merezi ikustarazi nahiko dizute, ez dela ona zuretzako, enpresarentzat garrantzitsua zarela eta denok norabide berean arraun egin behar dugula. Grebak egite hori ez doala zurekin, “beste kolektibo” batekoa zarelako. Nagusien jarrera hau koakzio hutsa da.

Hilaren 26ean Batzorde honen helburua ez da titulatuekin aurrez-aurreko talka sortzea. Guztiz aurkakoa. Espero dugu hausnarketa hauen ondoren egun horretan lanera etortzearen zentzugabekeriaz ohartuko zarela.

Besterik gabe, gure eta milaka langileen eskaera ulertuko duzulakoan, Irailaren 26ko Greba Orokorrean parte hartzeko gonbitea luzatzen dizugu.

Enpresa Batzordea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.