CARTERA SOCIAL-en ZABALKUNDE BERRIA

Sindikatuok eta enpresa-zuzendaritzak hainbat hilabete eztabaidan eman ondoren, CSko administrazio-kontseiluak azken urteotan CAFen lanean hasi diren 949 langileei  partaidetza-planean sartzeko aukera eskaintzea erabaki du.

Akordio horren ondorioz, Cartera Socialek CAFeko ia 2,4 milioi akzio banatuko ditu sartuko direnen artean.

Langile hauek, datozen 7 urteetan, nominaren  bitartez, 7 milioi euro inguru aportatuko dituzte. Diru hori CSrentzat lagungarria izango da erretiroa hartu duten pertsonen akzioak galtzearen ondorioz duen beheranzko joera geldiarazteko.

Sartu berriek 2,62 € ordainduko dute akzio bakoitza. Gogoratu behar dugu, azken hilean,  akzio bakoitzaren batez besteko balioa  37 €-tik gorakoa dela. Horrela, hilero 79 euro inguruko ekarpena egingo dute datozen 7 urteetan; hau da, denetara 7.000 euro partaide berri bakoitzak. Trukean, partaidetza planeko 2.520 partaidetza jasoko dituzte (2.060 garbi eta 460 asegurukoak).

Zortzigarren urtetik aurrera, CAFek banatzen dituen dibidenduak jasotzeko eskubidea edukiko dute eta enpresan behin betiko baja emanda, partaidetza horiek bi eratan jasotzeko eskubidea izango dute: dirutan, une horretan partaidetza horiek burtsan duten balioaren arabera, edo CAFeko akzioetan, dituen partaidetzak akzioengatik trukatuz.

LAB

LABek, azken urteotan, ahalegin berezia egin du CSen geroari ekarpen positiboa egiteko. Hainbat analisi eta proposamen egin ditugu CSk etorkizuna izan dezan, CAFeko langile guztiei CSn sartzeko aukera emanez.

Iazko martxoan, partaidetzaren gainbehera gelditzea ahalbidetzen zuen alternatiba integral bat proposatu genuen. Baina, guk bakarrik ikusi genuen norbanako kontratuetan aldaketak egiteko beharra CSren proiektua indartzeko.

Nolanahi ere, gure ahaleginak ez dira ezerezean gelditu, izan ere zuzendaritzak hasiera batean egindako proposamenari guk planteatu dizkiogun aldaketekin, banakako kontratu berrietan aldaketa garrantzitsuak eta onuragarriak jasotzen dituen akordioa lortu baitugu.

Hauexek dira LABk proposatutako eta azkenean adostu diren aldaketa nagusiak:

  • LABek defendatu du akzio-kopurua berdina izatea denontzat, CSen ekarpen berdina eginez, eta eskubide berdinak izanda.
  • Aurreko zabalkuntzetan CSra bildu ez ziren langileak hemendik aurrera horretarako eskubidea izatea, defendatu dugu.
  • LABek ere defendatu du, kontratuak indibidualak izaten jarraituta ere, etorkizunean CSek behar izan ditzakeen aldaketak era kolektiboan erabaki ahal izatea, guztion parte-hartzearekin.

LABen badakigu, jakin ere, zabalkuntza honekin ez ditugula CSren sakoneko arazo guztiak konponduko, baina emandako urratsak garrantzitsuak izango dira: kolektibo osoa partaide izango duen Cartera Sociala bidezkoagoa eta indartsuagoa izango da.

Zabalkuntza horrek ere ez du esan nahi gure barruko arazoak konponduko ditugunik. Zuzendaritzak gehien interesatzen zaizkion enpresa-politikak ezartzen jarraituko du. Guk, langileon batzarretik, borrokan jarraitu beharko dugu CAF ahalik eta bidezkoena izatera lortzeko. Ez dugu ahaztu behar, CS akzioen kontrola Euskal Herrian mantentzeko helburuarekin sortu zela.

Kontrol hau,  funtsezkoa izan da, gaur egun ere halaxe da eta hala izango da etorkizunean ere, CAFen erabakiak BERTAN hartuko direla bermatzeko. Oraintxe da, hain zuzen ere, inoiz baino garrantzitsuagoa Cartera Social indartzea, azken 20 urteotako akziodun estrategiko KUTXABANK-ek desinbertsio planari heldu dion momentu honetan.

Urrats berri horrekin langileok gure partea bete dugu, eta CAFek Goierrin, Irunen eta Euskal Herrian jarrai dezan gure borondatea erakusten dugu. Orain, erantzukizuna Kutxabankena eta euskal erakunde publikoena izango da, azken horiek ere badute-eta zer esanik.

LABek Cartera Social langileei berriro zabaldu izana babesten du. Horregatik guztiagatik, sar zaitez partaidetza-planera.

                                                                                                        Beasain/Irun 2017-02-02

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.