CAFek 50 milioi eurotik gorako kontratua lortu du Alemanian

Bederatzi tren saldu ditu, eta hemeretzi urtez mantentze lana egingo die. Beste 60 milioiren enkarguak jaso ditu Medellinen eta Santiagon.

Urtea hasi bezala amaituko du CAFek: Europaren bihotzean kontratu garrantzitsuak lortzen. Ilbeltzean inoizko eskari handiena jaso zuen Beasaingo trengileak Europako merkatuari dagokionez: Ingalaterran 740 miloi euroko kontratua sinatu zuen 98 tren saltzeko. Urte historiko baten hasiera izan zen hura. Atzo, berriz, Alemanian 51,3 milioi euroko enkargua jaso zuela jakinarazi zuen. Zweckverband Schonbuchbahnen ibiltzeko hiru bagoiko bederatzi tren arin eraikiko ditu. Beste hemeretzi tren hornitzeko aukera dauka, gainera, eta hemeretzi urtez trenen mantentze lana egingo du. Eskaera zorroa errekorrean jarri duen urtea biribiltzeko kontratua da CAFek lortutakoa.

Schonbuchbahnen diesel motorreko trenak ibiltzen dira gaur egun, baina Schonbuchbahn-Dettemhausen ibilbidea argindarrarekin egiteko prestatzen ari dira, eta lan horiek 2020rako bukatuko dituztela aurreikusita dago. 2020an entregatu beharko ditu CAFek bere tren elektrikoak, Bobligen-Holzgerlingen-Dettenhausen ibilbidetan joan-etorrian aritzeko. Denbora gutxian Alemanian lortzen duen bigarren kontratua da hau CAFentzat; aurretik Friburgoko tranbiarentzat eraiki du, Siemens erraldoiaren etxean.

Albiste onak ez dira bakarrik Europatik iritsi, ordea. Txilen eta Kolonbian ere enkargu berriak jaso baititu. Aurreko urteetan sinatutako kontratuak zabaltzeko eskaerak dira. Santiagotik lau tren gehiago egiteko eskaera jaso du Beasaingo konpainiak. 37 tren egiteko tratua egin zuen 2013an —20 entregatu ditu gaur arte—, eta lau gehiago egingo ditu orain. Medellingo metrorako daukan 20 trenen kontratuak, berriz, beste bi tren jasoko ditu.

Megakontratua ahazteko

Bi kontratu horien zabaltzeak beste 60 milioi euroko fakturazioan islatuko dira. Berriki jakin du CAFek Renferen megakontratua Talgorentzat izan dela, baina neurri batean espero zen lehiaketa hori ez irabaztea, eta urtea itxi aurretik 110 milioiko eskaerak jasotzeak distira handia emango diote 2016ko urte historikoari.

2019ra arte lan karga bermatua dauka Andres Arizkorretaren konpainiak, 6.600 milioi eurotik gorako balioa duen eskaera poltsari esker. Azken urteetan mozkinen marjina asko estutu den arren, eskaeren kopuruak enpresaren geroa bermatzen du. Beasaingo eta Irungo plantetan lan karga bermatua daukate datozen hiru urteetarako, baita Zaragozakoan ere (Espainia). Aspaldi honetan, Europaren bihotzean ari da saltzen CAF, lehiakortasunean sendo dabilela erakutsita. Sendotasun hori burtsan islatu da argi eta garbi: urte hasieratik %35 inguru hazi da CAFen akzioa.

ITURRIA:
http://www.berria.eus/paperekoa/2470/013/001/2016-12-22/cafek_50_milioi_eurotik_gorako_kontratua_lortu_du_alemanian.htm

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.