Biolentzia matxistaren aurka urrats feminista

LAB 2016-11-22 (Biolentzia matxista)1Biolentzia matxistak gure biziak baldintzatzen ditu. Beldurraren bitartez emakumeon eskubideak zapaldu eta bigarren mailako hiritarrak bilakatzea du helburu.

Biolentziaren espresio gorena fisikoa bada ere, milaka espresio eta aurpegi ditu biolentzia matxistak. Etxean, kalean, lanean, eskolan, jaietan… matxismoaren adierazpenak pairatzen ditugu, egungo jendartean oso errotuak daudelako eta onartu egiten direlako. Honen ondorioz, egoera hauek “normaltasunez” bizitzera behartzen gaituzte, arazo indibidual gisara salduz.

Biolentzia matxista ez da modu isolatuan edo arlo pribatuan gertatzen den egoera bat, baizik eta egungo eredua kapitalista heteropatriarkala sostengatzeko ezinbesteko bitartekoa. Emakumeok menpeko behar gaituzte ereduak aurrera egin dezan.

Hortaz, biolentzia matxistari aurre egin nahi badiogu, ezinbestekoa da Euskal Herriko egungo sistema aldatu eta eredu berria eraikitze.

Agerikoa da, arlo ezberdinetatik orain arte harturiko neurriak ez direla nahikoa izan. Ez dute inongo momentutan eredua bera zalantzan ipini eta hortaz, adabakiak besterik ez dira izan. Egoera benetan konpondu nahi badugu, muineko arazoa, hau da, kapitalismo heteropatriarkala da aldatu beharrekoa. Hau gainditu ezean, nekez lortuko dugu libre izatea.

Eta bide honetan, inoiz baino ozenago aldarrikatu nahi dugu irtenbidea soilik FEMINISMOAN SAKONTZETIK etorriko dela. Estrategia feminista indartsu baten bitartez soilik lortuko dugu, egiten ditugun borrokak jendartearen erdia baino gehiagok pairatzen ditugun zapalkuntzei aurre egitea.

Hau guztiagatik, LABen, gure borroka feminista indartuko dugu, feminismoa delako berme bakarra egingo ditugun aldaketak sexuaren araberako bereizkeriak gainditu eta aukera eta eskubide berdintasunean oinarritutako Euskal Herri berri bat eraikitzeko garaian.

Bide honetan, ezinbestekoa da Euskal Herriko mugimendu feminista indartsua. Horregatik, datorren azaroaren 25ean Mugimendu feministak antolatzen dituen mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Denon ardura da indarkeria matxistari aurre egitea.

BIOLENTZIA MATXISTAREN AURKA FEMINISMO GEHIAGO!

Mugimendu feministaren deialdiak:

  • BAIONA 18:30 • Herriko etxetik
  • BILBO 20:00 • Arriaga Plazatik
  • DONOSTIA 19:00 • Bulebarretik
  • IRUÑEA 20:00 • Gaztelu Plazatik
  • GASTEIZ 19:00 • Andra Mari Zuritik

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.