AMIANTOA, HILTZAILE ISILA

 

Amianto

 

«El problema existe. El amianto mata. Hiltzaile isila» dio ASVIAMIE elkarteko kideek jantzita daramaten kamisetak. Bi esaldi horien egiatasuna ez luke dagoeneko inork zalantzan jarri behar, nahikoa baita hildako langileen zerrenda ikustea, baina oraindik ere aldarrikapen eta borroka ugari egin beharra daukate gaitz hau jasaten dutenek, eta senitartekoek. Horietako bat, osasun arloko Erreferentziako Zentro bat martxan jartzea, eta beste bat Konpentsazio Funtsa abiaraztea.
Javier Marques, Mamen Sarriegi eta Jaime Camba, Beasaingo CAFen ondoan dagoen ‘Amiantorenei’ oroitarrian. (Gotzon ARANBURU) ASVIAMIEren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 25.000 langilek baino gehiagok eduki dute harreman zuzena amiantoarekin, nahiz eta Osalanek 5.754 bakarrik onartu, iazko abenduko zerrendan.

Zenbakiak izugarriak dira. CAF enpresan soilik, dagoeneko 55 langile hil dira amiantoaren eraginez. Horietako 33 Zaragozako lantegian, 22 Beasaingoan eta bat Irungoan. Azken lau urteotan, 98 dira amiantoak Euskal Herrian hildako langileak. Eta okerrena da zerrenda hau hazten joango dela, latentzia luzeko gaixotasunak sorrarazten baititu amiantoak; hau da, mineral horren lagina gorputzean sartu eta handik 30 edo 40 urtera azaldu ohi da gaixotasuna. Kontuan izanda 1960-1980 urte tartean erabili zela gehien amiantoa lantegietan, oraindik ere heriotza asko iritsiko direla aurrikusten da.

2002an debekatu zen amiantoaren erabilera Estatu espainiarrean, Suedian baina hogei urte geroago eta Estatu frantziarrean baina sei urte geroago. CAFen duela 25 urte utzi zioten erabiltzeari.

 

«Beldurra izatea  –dio CAF enpresako LABeko Imanol Urrestarazuk– normala da, batez ere garai hartan hemen lanean aritu ziren eta orain erretiroa hartuta daudenen aldetik, baina esan behar da amiantoarekin harremana izan zuten guztiak ez daudela kutsatuta halabeharrez. Gaixotasunen bat garatuko dutenak bostetik bat direla kalkulatzen da».

Amiantoa mineral bat da, eta fibrak askatzen dituenean bihurtzen da arriskutsua, alegia, makina batekin edo erreminta batekin lantzen denean. Oso isolagarri ona denez, erakinetan, untzietan, trenetan… erruz erabili izan da, eta lan horietan aritu diren pertsonak dira arriskupean daudenak. Mikrofibra horiek (ile bat baino mila aldiz meheagoak dira) gizakiaren biriketara iritsiz gero, bertan itsasten dira, gorputzak ez ditu botatzen, eta minbizia edo beste gaixotasunen bat sor dezakete.

Bai Imanol eta bai ASVIAMIE elkarteko kideek buruz ikasita dauzkate gaixotasun horien izenak eta ezaugarriak. LABeko ordezkariaren esanetan, amianto asko arnastuz gero asbestosia harrapa daiteke, meatzariek silikosia harrapatzen duten antzeko moduan, baina minbizia izateko (mesotelioma eta birikietakoa dira ohikoenak) mikrofibra bakar bat itsastea nahikoa izan daiteke. Esate baterako, Zaragozako CAFen aurrena gaixotu zen langilea ingeniari bat izan zen, tailerrean oso denbora gutxi ematen zuena.

….naiz: INFO albiste osoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.